Egindako lana aitortzeko mostra

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 15a, 10:00

Gaur arratsaldean irekiko dute Zarauzko XXVI. Nazioarteko Argazki Mostra eta, aurten, besteak beste, Fermin Etxeberria zenaren lanak paratuko dituzte, omenaldi gisara. 

Zarauzko Argazkizale Elkarteak 1993tik darama etenik gabe Nazioarteko Argazki Mostra antolatzen, eta urte honetan ere ez dute hutsik egingo. Ohiko moduan, argazkigintzaren arloan izen handiko eta ibilbide bikaineko artisten lanak paratuko dituzte Sanz Enea kultur etxeko erakusketa aretoan. Irekiera ekitaldia gaur arratsaldean egingo dute, 19:00etan, eta hortik aurrera, urtarrilaren 19ra bitartean ikusteko aukera izango da egunero, 18:00etatik 20:00etara.

Berezitasun gisa, antolatzaileek aurtengo erakusketa baliatu nahi izan dute joan den martxoan zendu zen argazkizale elkarteko kide eta lehendakari ohi Fermin Etxeberria omentzeko. Urte askoan, arduratu zen nazioarteko mostra antolatzeaz, eta orain bere adiskideek aitortza egin nahi diote bere argazki lanak jende aurrean erakusgai jarrita.


Begirada propioa


Etxeko ordezkariaren obrak erakusgai jartzeaz aparte, Jaione Garcia errenteriarrarenak, Jeanne Minier frantsesarenak eta Jose Barea madrildarrarenak ikusteko parada izango dute Sanz Eneara bertaratzen diren zaleek. Egile guztiek beren ikuspegi grafiko propioa dute, eta haien begirada gertutik ezagutzeko aukera ezin hobea izango da oraingoa ere.

Garciaren argazkiek txalaparta dute ardatz, zuri-beltzezko konposizioetan. Minierren lan egiteko moduak argazkilaritza analogikoan ditu sustraiak, eta L’Herminière da bere proiektu pertsonalena. Bareak, azkenik, interes berezia du Espainiako naturarekiko eta kulturarekiko, eta bestiario moduko bat sortu du bere argazkiekin.

 

Fermin Etxeberria, «argazkilari ona adiskide hobea»


Fermin Etxeberria (Zarautz, 1958-2019)  bizitza osoa egon da argazkilaritzari eta Zarauzko Argazkizale Elkarteari lotuta. Orain, elkarteak haren lan-eskerga aitortze aldera, Nazioarteko Argazki Mostran tarte berezia eskainiko dio.

«1984. urtean gure argazkizale elkartean sartu zenean, argazkilaritzarekiko interes oso handia erakutsi zuen. Egin zuen lehendabiziko ikastarotik azkenekoraino  jakin zuen irakaspen horiei guztiei probetxua ateratzen, eta irakaspenak erabat barneratuta zituenean, ez zuen zalantzarik izan irakasle lanetan ibiltzeko», diote Zarauzko Argazkizale Elkarteko kideek mostrarako kaleratu duten katalogoan. Ikasitakoa irakastea da Zarauzko elkartearen ezaugarrietako bat, eta «Etxeberriak ondo bereganatuta zeukan hori».

Bazkide egin eta gutxira sartu zen zuzendaritzan, eta 1987an erakusketen arduradun izendatu zuten. Ondoren, 1996etik 2013a bitartean, Zarauzko Argazkizale Elkartearen lehendakari izan zen. Bere agintaldiaren hasierako urteak egitura sendotzeko izan baziren ere, hurrengoetan elkartearen jarduna ezagutzera eman zuen Nazioarteko Argazki Mostraren bitartez. 

«Lehendakari modura egin zituen azken urteak oso gogorrak izan ziren, baina lan handia eginez merezi zuen tokian kokatu zuen Zarauzko Argazkizale Elkartea», nabarmendu dute bere kideek.

Bere izaera irekiari eta harremanetarako zeukan dohainari esker, oso maitatua izan zela azpimarratu dute. Hori horrela, harremana ona izatea lortu zuen Euskal Herriko argazkilari elkarte guztiekin, baita Espainiako argazkilari askorekin ere.

Gipuzkoako Argazkilari Elkartearen Argazkilaritzatik adiskidetzara leloa bere egin zuela diote bere gertukoek. Orain, adiskideek omenaldia egingo diote argazkilariari.