Itxasmendiko auzo elkartean jostailu bilketa egingo dute gaur eta bihar

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 16a, 10:04
Jostailuek egoera onean egon behar dute beti

Gabonak gerturatzen ari dira, eta aurreko urteetan bezala, baliabide gutxien duten familientzat jostailu bilketa egingo dute hainbat herri eta auzotan. Itxasmendin, esaterako, asteburu honetan egingo dute bilketa.

Bai larunbatean, bai igandean, goiz partean jasoko dituzte jostailuak. 11:30ean zabalduko dute Itxasmendiko auzo elkartea (Pagoeta kalea, 4), eta 13:00ak arte utzi ahalko dira txikienentzako materialak.

Ondoren, Gurutze Gorriak jasoko ditu, eta hura arduratuko da banaketa egiteaz baliabide gutxien duten familien artean.

Halakoetan gogorarazten dutenez, herritarrek beren borondatez uzten dituzten jostailuek egoera onean egon behar dute.