Errigora saskiak eskatzeko azken egunak dira

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 16a, 15:01

Azaroaren 20an, asteazkenean, amaituko da Errigora saskiak eskatzeko epea: Internetez eta Zarauzko hainbat gunetan egin daiteke eskaera Nafarroako hegoaldeko produktuak jasotzeko. Diruaren laurdena hango euskalgintzari laguntzeko izango da. 

Jakina da Nafarroa hegoaldeko barazki eta lekaleak kalitate handikoak direla. Horiek bertako beste hainbat produkturekin elkartu, saskietan sartu, eta Errigora proiektua sortu zuten 2013an hainbat eragileren artean. 

Ordutik milaka herritarren sabelak goxatu dituzte, eta era berean, baita beste bi helbururi lagundu ere: bertako ekoizpena sustatzea eta euskarari bultzada ematea. Izan ere, Errigora saskiak eskatuta, horien balioaren laurdena Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzarentzat izaten da. Arduradunek emandako datuen arabera, ia milioi bat euro bideratu dituzte jada euskara laguntzera.


Hiru motatako saskiak

Kanpaina martxan da, eta hilaren 20ra arte eska daitezke saskiak Urola Kostako 22 gunetan, eta Zarautzi dagokionez, honako guneetan egin daiteke eskaera: Salbatore Mitxelena Ikastolan, Zarauzko AEKn, Errigora Gunean, Lakarin eta Eguzkin.

Eskaera Internetez ere egin daiteke.

Aurtengo kanpainarako hiru saski mota prestatu dituzte: Saski Beltza (betikoa), Saski Berdea (ekologikoa) eta Saski Zuria (berezia). 50 euro balio du aurrenekoak, 60 euro bigarrenak, eta 70, berriz, hirugarrenak.