Jokin Eizmendik irabazi du Albitzuri Handi txapelketa

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 16a, 21:59

11 jasoaldi egin dizkio zarauztarrak Albitzuri Handi harriari Amezketako pilotalekuan. Xabier Peñagarikano, Peña-k, egin du bigarren, zortzi jasoaldirekin.

 

Amezketako pilotalekuan jokatu da gaur arratsaldean Albitzuri Handi txapelketa. Harrijasotzaile bakoitzak hamar minutuan ahalik eta altxaldi gehien egin behar zituen, eta Jokin Eizmendi zarauztarra ibili da finen. Erraz gailendu da, 11 aldiz altxatuta harria.

Bigarren postuan Xabier Peñagarikano, Peña, geratu da, zortzi altxaldi eginda, eta hirugarren egin duena Beñat Telleria, Telleria IV.a, izan da, zazpi altxaldirekin.

Tolosaldeko Atariaren arabera, goraino bete da Larrunarri pilotalekua, eta oiihu eta txalo artean animatu dituzte txapelketan parte hartu duten harri jasotzaile guztiak. Publikoa gehien harritu duena, txapelketa askotako irabazlea izan da: Aimar Irigoien. Ezin izan du jasoaldirik egin. Harriari nola heldu ezin asmatuta ibili da, eta hamar minutuak horrela pasa zaizkio.

Marka hautsi gabe

11 altxaldi horiekin, aurten ere ez dute lortu 1996an azkoitiar batek, Goenatxo II.ak, ezarritako marka haustea. Izan ere, ordukoan 15 altxaldi egin zizkion Albitzuri Handi harriari. 

Sailkapena

  • Jokin Eizmendi: 11 altxaldi
  • Xabier Peñagarikano, Peña: 8 altxaldi
  • Beñat Telleria, Telleria IV.a: 7
  • Aimar Galarraga: 5
  • Imanol Illarramendi, Kortaberri: 4
  • Gorka Etxeberria: 3
  • Josu Urbieta: 0
  • Aimar Irigoien: 0

Ikusi argazki bilduma Ataria.eus webgunean.