Beste urte batez, jostailuak bildu ditu Itxasmendi auzo elkarteak

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 17a, 18:02

Zortzi kaxa osatu dituzte denera atzo eta gaur artean, eta auzo elkartekoek azaldu dutenez, herri osoko jendea gerturatu da soberan zituzten jostailuak uztera. Orain, Gurutze Gorria arduratuko da sailkatu eta banatzeaz.

Itxasmendi auzo elkarteko bi kide, biak andrazkoak, zebiltzan gaur eguerdian jostailuak kaxatan txukun-txukun sartzen. Guztira zortzi osatu dituzte, "garai batean baino gutxiago". Normala dela uste dute, lehen beraiek bakarrik egiten zutelako bilketa. Gaur egun, berriz, herriko beste eragile batzuek ere jasotzen dituzte jostailuak; Orokieta ikastetxeak, esaterako.

Hogei urte baino gehiago izango dira Itxasmendin Gabonak iritsi aurretik umeentzako jostailuak biltzen dituztena. Material kopurua murriztuz joan arren, "gustura" egiten dute, eta jarraitzeko asmoa dute. Gainera, azaldu dute herri osoko jendeak hartzen duela parte.

Puzzleak, buruhandiak, autoak... Denetarik ekarri dute zarauztarrek beren etxeetatik, laster beste ume batzuen eskuetara irits daitezen.