Gogor saiatu arren, kanpoko partida galdu du Ulaciak asteburuan

Zast Saskibaloia 2019ko aza. 18a, 11:41

Zizur Nagusiko Megacalzado Ardoi talde nafarraren aurka jokatu du Ulaciak asteburuan, etxetik kanpo. Ez zuen lan erraza, eta azken emaitza 72-61 izan zen.

Partidaren atarian iragarri moduan, Jokin Collantes eta Andoni Lazkano entrenatzaileek Rafael Silva eta Fede Jauregi jokalariak deitu behar izan dituzte taldearen bajak osatzeko, eta benetan laguntza handia izan dira taldearen lehiakortasunari eusteko. Hala ere, ez dira nahikoa izan neurketa irabazteko.


Partidaren hasieran, defentsak izan dira nagusi. Horrela adierazten du lehen laurdeneko markagailuak, zarauztarrek 12 puntu baino ez baitizkiote onartu nafarrei. Tamalez, zarauztarrek ere ez dira erraz gerturatu saskira, eta sei puntu baino ez dituzte sartu lehen laurden horretan. Benetan gogorra izan da lehen laurden hori. Atsedenaldi luzearen aurreko laurdenean, bigarrenean, beste sei puntuko aldea gehitu dio talde nafarrak markagailuari eta, partida erabakita utzi ez duen arren, hamabi puntuko errenta nabarmena pilatu du partiduaren erdialdean.


Ulaciak, partidaren atsedenaldi luzea baliatuta, jokoa berrantolatu du eta, bere betiko defentsa-lanari eutsita, errazago saskiratzen hasi da erasoan. Hogeitabi puntu saskiratu ditu hirugarren laurden horretan, talde nafarra hamabost puntutan utzita. Partiduko azken laurdenaren atarian, bost puntura murriztua zuen aldea, eta partida lehiatzeko moduan izan da talde zarauztarra.


Hala ere, hirugarren laurdenean egindako ahalegin handia ordaindu du laugarren laurdenean, eta partidu osoko joerak nagusitu dira. Argigarria da partiduko datuek erakusten duten argazkia; izan ere, talde nafarrak bi puntuko 45 jaurtiketa egin ditu, eta 30 baino ez Ulaciak. Hiruko jaurtiketetan, kontrakoa izan da joera, zarauztarrek 25 jaurti baitituzte, eta nafarrek, berriz, 14. Azken datu argigarria erreboteena da, talde nafarrak hamar gehiago eskuratu baititu partida osoan.


Kanpoko norgehiagoka hau galdu arren, bada albiste onik: azken neurketetan gertatzen ari den moduan, taldeko jokalari guztiek saskiratu dute punturen bat, eta zentimetro gutxiago izan arren, bere betiko talde-jokoaz ari da lehiatzen Ulacia EBA liga zailean. Badu, beraz, aurrera itxaropentsu begiratzeko arrazoirik.