Alde Zaharreko oinezkoentzako guneetan izango da aurtengo Erdi Aroko azoka

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 18a, 12:14

Abenduaren hasieran izan ohi da azoka, eta aurten lekuz aldatuko dute "herritarren eta azokako partaideen segurtasuna bermatzeko".

Urtero bezala, abenduaren hasierarekin batera Erdi Aroko azoka iritsiko da Zarautzera. Xacobeo MMXXI-k antolatutako merkatua abenduaren 5etik 8ra izango da, aurtengoan, Alde Zaharreko oinezkoentzako guneetan.

Udaleko Turismoa, Jaiak eta Ekitaldiak Sailean azokaren kokapenaren inguruan hausnartu zuten, eta erabaki zuten herritarren eta azokako parte hartzaileen segurtasunagatik, lekuz aldatzea. "Bizkaia kaleak Azokaren eremua erditik gurutzatzen zuen eta, trafikoari zabalik uzten zenez, herritarren segurtasuna arriskuan zegoen", azaldu du Ixidor Larrañaga Turismoa eta Jaiak eta Ekitaldiak Sailetako zinegotziak.

Horrenbestez, Azoka guztia Alde Zaharreko oinezkoentzat egokitutako kaleetan jarriko dute. Aurreko urteetan, Azokaren gune asko Salbide auzoan, Iturribide kalean eta Foruen kaleko parkinean jartzen zituzten. Aurten, kale horietako postuak Herrikobarra eta San Frantzisko kaleetara eramango dituzte. Jaki eta edarien gunea Iturribide kaleko parkinean egongo da eta, haurren gunea, berriz, Lagunak parkean. Era berean, Lege Zaharren enparantzan, Zigordia kalean, Musika Plazan eta Kale Nagusian jarri ohi dituzten postuak mantendu egingo dira.

Azokaren muntaia abenduaren 4an hasiko dute, 13:00etatik aurrera, eta ondorioz, Iturribide eta San Frantziskoko kaleak itxita geratuko dira. Trafikoa Herrikobarra kalean moztuko den arren, Lagunak eta Iturribide kaleetako garajeetako jabeei sarbidea bermatuko diete, baita Merkatu plazako baserritarrei ere.