Anjel Lertxundi: "Itzulpenak askoz ere presentzia handiagoa du gaurko bizitzan"

Aritz Mutiozabal 2019ko aza. 19a, 08:36
(Aritz Mutiozabal)

Fikzioari atseden emanez, ‘Itzuliz usu begiak’ saiakera lana kaleratu du Anjel Lertxundik (Orio, 1948). Gaur arratsaldean Zarauzko Garoa liburu dendan aurkeztuko du, 19:00etan.

Itzuliz usu begiak zure saiakera lan berriak asmo garbi bat dauka: euskal literatur sisteman itzulpengintzak duen garrantzia aldarrikatzea. Gutxietsita dagoela iritzi al diozu?
Uste dut nabarmena dela, zoritxarrez. Irakurketak jarduna behar du: zaletasunak eskatzen du ordu askoren beharra, eta gurean oro har, izan sorkuntza lanean izan itzulpen lanean, denbora behar da. Itzulpenak beti neke gehieago dakar gure hizkuntzarena bezalako egoera batean, besteak beste, hizkuntza egiten ari garelako. Sortzaile batek iskin egin dezake arazo bat ikusten duen tokian, baina itzultzaile batek ezin du halakorik egin. Arazo eta gorabehera askorengatik itzulpengintzak zailtasun gehiago izan ditu historian zehar, ez euskaraz bakarrik, beste edozein hizkuntzetan ere bai, baina pixkanaka, bere normaltasuna hartzen doa. Euskaraz itzulpen zoragarriak egin dira, lan inportanteen itzulpen oso onak, baina ez daukagu ohiturarik, arrazoi askorengatik: alde batetik, itzulpenak beti izan duelako propaganda txarra, freskotasun falta egotzita, eta bestetik, kultur sistematik ez zaiolako behar bezalako garrantzirik eman, morrontzako lan bat balitz bezala, kontsideratu gabe itzulpengintzak zer-nolako garrantzia duen sistema literario batentzat. Eta arrazoi askorengatik ez da behar bezalako arretarekin estimatu. Saiakera liburu hau, zentzu horretan, itzulpen literarioaren aldarrikapena ere bada, beste gauza batzuen artean.


Askotan itzultzaile da garbizaleegia ala irakurlea alferregia?
Itzultzaileak leiala izan behar du. Jatorrizko testuak agintzen dio zer egin behar duen. Jatorrizko testua izan daiteke batere garbizalea ez dena; alderantziz, hauslea, zorroztasunak eta garbitasunak axola gutxi diona. Garbitasunak axola gutxi badio jatorrizko testuari, axola falta hori transmititu eta islatu behar ditu itzultzaileak. Alde horretatik, itzultzaile ona baldin bada, jatorrizkoaren ispilu izan behar du. Eta irakurle ona bada, ulertu behar du itzultzaileak ezin dituela gauzak aldatu eta nahierara jarri. Posible da norbaitentzako zaila egitea, baina segur aski jatorrizko testua ere zaila izango da, eta hori onartu beharra du irakurleak. Jakin behar du testua ez dela itzultzaileena, arazoa ez dela itzulpenarena, baizik eta arazoa egotekotan jatorrizko lanean dagoela.


Liburu berrian diozu hizkuntza normalizatu batean itzulitako lanak ohikoak izan beharko luketela.
Bai, arrazoi askorengatik. Euskal mundura etorrita, itzulpenak oro har gaurko bizitza sozialean askoz ere presentzia handiagoa du. Itzulpenak datozkigu eskolako testuetatik, askotan morrontzako arazoekin. Gauza bera legeak nahiz horrelakoak eta horietaz eztabaidan ari diren politikoak udaletxetan, parlamentuetan eta abarretan; eta horiek denak jargoi hori guztia itzultzen ari dira gaztelaniatik. Kazetariak antzera samar... Horrek esan nahi du mendekotasun handiegia daukagula itzulpenetik. Mendekotasun horretan ez badugu itzulpengintza ona zaintzen, ez badugu hori bultzatzen eta ez baldin badiogu itzulpengintza onari kasu egiten, gero eta desoreka handiagoa gertatzen zaio hiztunari eta hori jasotzen duenari. Publizitatean, esaterako, euskararekin egiten diren hanka-sartzeak dira asko eta asko itzulpenak direlako: lelo ona gaztelaniaz eta euskaraz kaskarra, itzulpen literala egiteagatik.


Zuk betidanik izan duzu nolabaiteko kezka itzulpengintzaren inguruan, apunteak hartzera bultzatu zaituena.
Aspalditik datorkit, baina nire kezka nagusia idazle perspektibatik dator. Itzulpen on batek zenbat ematen digun guri idazteko garaian, beste ispilu batzuk ditugulako. Nik idazle gisa irakurri nahi baduk James Joyce eta jatorrizko hizkuntza ezagutzen ez baldin badut, azkenean gaztelaniaz irakurtzen bukatzen dut. Eta gero etortzen zaizkit niri erreflexu guztiak, hainbat espresio, kontu, irudi, elkarrizketa eta abar gaztelaniaz. Nik liburua euskaraz irakurri izan banu, erreferentzia horiek guztiak, imajinario hori guztia, euskaraz etorriko litzaidake. Zer inportantea den idazle batentzat irakurtzen duenaren atzean euskarazko itzultzaile bat egotea.

Ohar horiek azkenean saiakera honetan bihurtu dira. Baina esan daiteke Ibon Sarasolaren Bitakora kaiera liburuak eman zizula azken bultzada.
Bitakora kaiera horretan euskararen inguruko hainbat puntu ukitzen ditu Ibon Sarasolak, eta berak ere egin ditu itzulpenak eta aritu da itzulpengintza alorrean. Banenbilen orduan ere nire ohartxoak hartzen, eta liburu bat osatzeko aukera ikusten hasita nengoela, Sarasolaren lan hura bultzada moduko bat izan zen. Beraz, erabaki nuen lan honekin aurrera egitea: batetik, ikusi nuelako liburuak zuen garrantzia, eta bestetik, garbi ikusi nuelako zer forma izango zuen. Ez nuen saiakera konbentzional bat egin nahi: pisu literario handia eman nahi nion; antolamenduari dagokionez ere ere, ikuspegi literario gehiago du akademikoa baino, eta alfabeto baten itxura hartzen du liburuak. Tonuen arteko joko bat dago, ikuspegien ugaritasuna... Saiakera, baina pieza literario bat izan zedin nahi nuen.  


Liburua hainbat ataltxoz osatuta dago. Zuk zeuk tesela hitzez definitu duzu.
Mosaikoak zeramikazko pieza txikiekin egindakoak dira. Orduan, mosaiko baten osotasun horretan teselak dira pieza txiki horiek, eta pieza horiek beste ordena batean jarriko bagenitu, beste mosaiko bat aterako litzaiguke. Liburu hau ere mosaiko bat da, eta, beraz, horrek esan nahi du piezak beste ordena batean irakurtzen badira, irakurleei ere zerbait aldatu egingo zaiela beraien pertzepzioan. Nolabait esateko, bidaia ezberdinak egiteko aukera eskaintzen dut: orriz orri, alfabetoak markatutako ordenan irakurri daiteke edo, bestela, jauzika, pieza bakoitzaren azpian proposatzen ditudan atalak jarraituz; hainbat paseo egin daitezke liburuan, jolasean, zidorretatik, bide lauetatik edo aldapak igoz.