Bi ekitaldi antolatu ditu Euskaraldiaren Zarauzko batzordeak datorren asterako

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 19a, 13:00

Batetik, Euskaraldia: bizipenak eta desioa jaia egingo dute. Bestetik, jendaurrean aurkeztuko dituzte I. Euskaraldiaren Zarauzko datuak, eta II. Euskaraldiari buruzko informazioa emango dute.

Euskaraldiaren Zarauzko batzordeak bi ekitaldi antolatu ditu datorren asterako. Azaroaren 27an, asteazkena, izango da aurrenekoa, 18:30ean Antoniano aretoan. Ekitaldi informatiboa izango da, iazko Euskaraldiko Zarauzko datuak izango baitituzte hizpide bertan. Horrez gain, datorren urteko Euskaraldiari buruzko informazioa emango dute. Soziolinguistika Klusterrak eta Euskaraldiaren batzordeak antolatu dute ekitaldia.

Azaroaren 30ean, San Andres egunean, berriz, festa giroko ekitaldia egingo dute Lege Zaharraren enparantzan. Larunbata denez, eguerdian izango da hitzordua, 13:00etan. Euskaraldia: bizipenak eta desioak lelopean, iazko Euskaraldiko bizipenak eta datorren Euskaraldiko desioak partekatuko dituzte. Manifestua irakurtzeko asmoa ere badute.

Ekitaldiari jai kutsua emateko, trikitilariak, txistulariak eta dantzariak egongo dira, eta mokadutxoa ere eskainiko dute.

Jaia kalean egiteko asmoa duten arren, jakinarazi dute euria egingo balu, Gaztelekuan izango litzatekeela festa.