Iraitz Cordero: "Silicon Valleyn nire moduko gazteekin elkartzeko aukera izan dut"

Amaia Urbieta Arruti 2019ko aza. 20a, 08:00
Iraitz Cordero ingeniaria. (Utzitakoa)

Kate ekoizpenarekin lan egiten duten enpresen funtzionamendua hobetzeko sistema bat ondu du Iraitz Corderok (Zarautz, 1996). Explorer Bizkaiak sarituta, Silicon Valleyn (AEB) izan da ingeniaria. 

Zertan datza zehazki esku artean duzun proiektua?
Telekomunikazio ikasketak egiten ari naiz EHUn, eta industriarako sistema bat garatzen ari naiz. Zehazki, kate ekoizpenean lan egiten duten enpresen funtzionamendua optimizatzea du 
helburu nire proiektuak.

Adibide batekin azaltzerik bai? 
Demagun bost makina ditugula ekoizpen katean eta horietako batek akatsen bat ematen duela. Horrek produkzio osoa geldiarazten du eta enpresarentzat galera ekonomiko handiak ekar ditzake, azken finean, ekoizpenak ezin duelako aurrera egin. Garatzen ari naizen sistemak akats horiek aurreikusteko balio du, machine learning eta inteligentzia artifizialaren bidez. Ez zait asko gustatzen halako kontzeptuak erabiltzea, uste dudalako handiusteko samarrak direla. Jendeak orain startup eta halakoak erabiltzen ditu proiektu batean lanean ari direla esateko.
 
Eduki al duzu garatzen ari zaren proiektua praktikan jartzeko aukerarik?
Oraindik ez dugu lortu praktikan jartzerik, baina saiakerak egiten ari gara Alzola ur markarekin. Probak egiten ari gara eta enpresak feedbacka ematen digu. Azkenean, guk egiten duguna da enpresara egokitu proiektua. Erabilgarria izan daiteke industria askotarako, baina aurrediseinu bat beharrezkoa da enpresa jakin batean erabili aurretik, egonkortasuna bermatzeko.

Beraz, garatzen ari naizen sistema hori Alzola enpresara egokitua dago. Beraiek parametro batzuk ematen dizkigute arazoa zein den azalduz, eta sistema beraiei akoplatzea da asmoa. Ez dugu martxan jarri oraindik, baina hori izango da hurrengo pausoa.

Talde lana da, ala zure ekimenez zabiltza proiektua garatzen?
Izatez, lauko talde batetik sortu zen proiektua eta, pixkanaka, bakarrik geratzen joan naiz. Telekomunikazioko bi ingeniari eta Leinn graduko bi ikasle ginen hasieran. Ni Londresera joan nintzen ikastera, eta besteak alboratzen joan ziren apurka-apurka.
 
Dena den, badaukat laguntza. Unibertsitatean halako gauzetarako irakasleek laguntza handia eskaintzen dute.

Irabazitako sariaren harira Silicon Valleyn (AEB) izan zara. Zer ekarri duzu handik?
Esperientzia izugarria izan da. Punta-puntako enpresa guztiak daude han, Google, Facebook eta halakoak. Nahikoa harrigarria da hango giroa. Dena da dirua. Explore Bizkaia programak sarituta, 56 lagun joan ginen hara, eta gehien gustatu zaidana izan da nire antzeko gazteekin esperientzia elkarbanatzea. Haiek ere nire moduko proiektuekin dabiltza, eta egonaldiak lagundu dit ikusten ez nagoela bakarrik; hori motibagarria da. 

Silicon Valleyko esperientziak etorkizunerako asmoak baldintzatu al dizkizu?
Eragin dit, bai, baina ez dut San Frantziskoko bizimodu hori nahi. Ondo dago, leku erraldoia da eta gauza interesgarri asko daude, baina ez nuke garatuko proiektu bat han saltzeko eta han bizitzeko.  

Dena den, ez da Silicon Valley hori lortu daitekeen leku bakarra. Proiektu bat garatu eta beste merkaturen batean zabal dezakezu; Espainian kontua zaila dago, baina tira, dirulaguntzak ere badaude, nahiz eta lortzeko zailak izan. Ni bezalako gazteei bultzadatxoa emateko programak ere badaude martxan. Mugitzen asmatuz gero, posible da.

Zabaldu al dizu aterik sari honek?
Bai, ate dezente zabaldu zaizkit. Enpresa batzuk interesatuta daude, ez proiektua erabiltzean soilik, baita ni lanean hasteko ere. Gradua oraindik amaitu ez dudanez, praktikaldiak eskaintzen ari dira enpresa batzuk. Beste arlo batzuetako jendea ere etorri zait: finantzetakoa, marketinekoa... Kolaborazioak eskaini dizkidate eta zenbait proiektutarako ere nirekin harremanetan jarri dira. Orain gradua amaitu behar dut, baina lortutakoarekin oso gustura nago.