«Sakabanaketa iraganeko kontua dela dirudi, baina berdin jarraitzen du»

Amaia Urbieta Arruti 2019ko aza. 21a, 19:35
Miren Garate eta Haritz Gartxotenea, Elkartasun Eguneko antolatzaileak. (Amaia Urbieta Arruti)

Presoen auziaren bueltan  elkartasuna eskaini dutenak izango ditu ardatz aurtengo Elkartasun Egunak. Eskertza eta aitortza egin nahi dizkiete urteetan lanean aritu direnei.

Bakoitza bere garaiak baldintzatuta, elkartasuna eskaintzen aritu dira urte askoan Miren Garate eta Haritz Gartxotenea. Aurten, bigarren aldiz ospatuko dute Elkartasun Eguna Zarautzen, eta euskal preso politikoen auzian lanean aritu direnak ekarri nahi dituzte erdigunera. 

Urte luzeetan elkartasunean aritu direnek «berriz elkar topatzea» nahi dute, belaunaldi desberdinek bat egiteko. «Oso garrantzitsua da presoen aldeko ekimenak indartsuak izatea, badirudielako sakabanaketa lehengo kontua dela, baina oraindik martxan dago eta edozein unetan gerta daitezke istripuak errepidean».

Espainia eta Frantzian zehar daude sakabanatuta ETAko kide izatea leporatutako presoak, eta Gartxotenearen ustez, «hoztu» egin da kontua. «Presoak ere aktibo politikoak dira eta estrategiak aldatzen joan dira. Kolektiboari gauza asko eskatu dizkiete baldintzak hobetzeko: baimenak indibidualki eskatzea, legeari lotutako gauzak... Kolektiboak eman ditu urratsak, baina beste aldetik oztopoak jartzen dira etengabe, eta inoiz ez da nahikoa». Azken urteetan gauzak asko aldatu diren arren, Gartxoteneak uste du garrantzitsua dela mahai gainean jartzea «sakabanaketak berdin-berdin» jarraitzen duela eta «presoek preso egoten» jarraitzen dutela.


Mont de Marsaneraino


Egun, Ekaitz Sirvent da kartzelan jarraitzen duen zarauztar  preso politiko bakarra. Tarascongo (Frantzia) espetxean bederatzi urte igaro ondoren,  Mont de Marsanera mugitu zuten iazko apirilean eta, orain, herritik bi ordu eta erdi inguruko bidea egin behar dute bisitatu nahi dutenek, lehen baino gutxiago. Sirvent ere presente egongo da biharko ekitaldietan, izan ere, aurten 10 urte bete dira atxilo eraman zutela. 2009ko apirilaren 10ean atzeman zuten, trenean bidaiatzen ari zela. 18 urteko zigorra ezarri zioten, baina pare bat urte barru askatuko dutenaren «esperantza» dute haren ingurukoek. 

Gaur egun, Frantziako espetxeetako euskal gizonezko preso politiko guztiak bi kartzelatan daude. Tarasconen zituenak baino baldintza hobeak ditu Sirventek Mont de Marsanen, beraz, zentzu horretan gustura dago.

Larunbatean elkartasuna Zarauztik Mont de Marsaneraino iristea ere nahi dute, festa giroan. «Egun horretan ateratako argazkiek Ekaitzi indar handia eman diezaioten nahi dugu». 


Belaunaldiak eta inplikazioa


Gartxoteneak uste du garaiak aldatu diren arren, beti «jende bila» aritu izan direla militantzia esparruetan. «Gure garaian, betikoak izaten ginen antolatzaile, baina ekintzetara jendetza azaltzen zen beti, eta asko laguntzen ziguten. Orain ere antzekoa gertatzen da». Horrek «etsipenera ez eramatea» garrantzitsua dela deritzo Gartxoteneak, egun sentsazio hori gailentzen delakoan. «Jendeak kaleak hartzen eta ekimenak antolatzen jarraitu behar du. Antolatzaileak lau izan izanda ere, jendeak erantzun egiten du».


Hain zuzen, erantzun hori da larunbatean eskertu nahi dutena. Edozein modutara eskaini izan den laguntza hori. «Denak balio du, eta azken urte luzeetan herritar izugarrik izan dituzte keinuak», dio Garatek.  

Elkartasuna praktikan jartzeko deia ere luzatu dute bi kideek. «Kalean jarraitu behar dugu, presoekin batera borrokan. Atzean herri bat ez badute ez dugu lortuko estatuak beraien ahotsa entzuterik, beraiek barruan daudelako. Ahots horiek gure bitartez atera behar dute kalera», azaldu du Gartxoteneak. Horrez gain, kaleko oihartzunak presoari «babesa» emateko balio duela uste du Garatek. «Garrantzitsua da presoak jakitea herria berarekin dagoela eta herria beragatik mugitu egiten dela. Horrek indar handia ematen die beren kondenan aurrera egiteko».

Urteak joan eta urteak etorri, urtarrilero betetzen dira Bilboko kaleak sakabanaketa amaitzeko aldarrikatuz, eta nahiz eta estatuaren «inmobilismoak» jendea etsipenera eraman dezakeen, bi zarauztarrek garbi dute herritarren aldarrikapenek zerikusi zuzena dutela injustizia amaitzearekin. «Herrian ez badago mugimendurik, errazagoa izango da politikariek urratsik ez egitea». 


Falta direla igarri dadin


Gabonak hurbiltzean presoen aldeko egitasmo  gehiago egiten dira. Elkartasun Egunean, urtarrileko manifestazioan zein Gabonetan herrian egingo diren ekimenetan parte hartzera animatu nahi dituzte herritarrak. Horrez gain, ostiralero elkarretaratzeak egiten jarraitzen dute udaletxearen aurrean, 19:45ean.

Oriotarrei ere keinua egin helarazi nahi diete Elkartasun Eguneko antolatzaileek. Dispertsioff jaialdia egingo dute Etxeluzen egun berean, eta gogorarazi dute Xua Gurasoekin Etxera plataformako kideen aldarriekin bat egiten dutela, eta bere tartea izango dutela Zarautzen.

Elkartasun Eguna
Azaroak 23, larunbata
11:00. Mural margoketa eta musika emanaldiak Musika Plazan. 
13:00. Elkartasun argazkia, Musika Plazan. 
Ondoren, trikitilariak Musika Plazan.
Goizean zehar, Goizeko Ihintza txistulariak eta eragileen postuak Merkatu Plazan.
14:30. Bazkaria Putzuzulo gaztetxean.
Ondoren, ekitaldia, bertso musikatuak eta Andoni Ollokiegiren emanaldia,.
23:00. DJ Manuela Ahizpek girotutako gaua Arrano tabernan.

Sarrerak erosteko epe gaur bukatuko da, eta Arranon eta Eguzkin daude salgai.