Jon Arruti partaide duen Drindots musika taldeak plazak utziko ditu

Goierriko Hitza 2019ko aza. 25a, 09:37
Drindots taldea (Argazkia: Aitzol Arruabarrena)

Lazkaoko taldea bukatzera doa. Ia 40 urteko ibili luze eta oparotik erretiratuko da, duela ordubete Facebooken iragarri duenez. "Ikaragarria izan da! Pena bakarra dugu: Ebamirentxu aurkitu gabe joan behar izana!" esan dute, pena eta umorea nahasian.

Drindots musika taldea uztera doa. Ezustean, gaur arratsaldean zabaldu dute albistea, Facebooken. Honako mezua eman dute: “Hasiera guztiek dute amaiera, eta hemen bukatzen da Drindots taldearen ia 40 urteko ibilbidea.
Mila esker proiektu luze eta polit honetan taldekide izan zaituztegun guztioi, eta era batera edo bestera, gugan konfiantza jarri duzuen auzotarroi, herritarroi, bizilagunoi eta antolatzaile orori. Ikaragarria izan da! Pena bakarra dugu: Ebamirentxu aurkitu gabe joan behar izana!”

Ia 40 urte egin ditu Drindotsek Euskal Herri guztiko plazetan erromeriak girotzen. 1981eko apirilaren 26an eman zuen lehenengo kontzertua, Lazkao sorlekuko festetan, “Realak Liga lehenengo aldiz irabazi zuen egunean”. Arrano Beltza zuen izena orduan.  Honakoak ziren taldekideak hasieran: Alberto Pelaez zena, bateria jotzailea; Aitor Agirrezabala Triku, teklatu jotzailea; Josune Albisu, baxu jotzailea; eta Jon Urdangarin, gitarra eta ahotsa. Urdangarin izan da harrezkero taldearen haria. Lauzpabost urte geroago jarri zioten Drindots izena, Pelaezek taldea utzi zuenean.

Plaza-talde gisa hartu izan du bere burua Drindotsek, eta euskara zabaltzea izan du helburuetako bat. Hala, bertsio ugari egin dituzte, atzerriko eta Euskal Herriko abestiak euskaratuta. Ebamirentxu-k aparteko sona lortu zuen 1990eko hamarkadan, Formula Ven Eva Maria-ren moldaera eginda.

Lau disko argitaratu ditu Drindotsek: Drindots (1992an, IZ disketxean), 984 (1994an, Lagin), Made in Plazan (1996an, IZ) eta Delilah (1998an, IZ).

Azken urteetan, Jon Urdangarin (ahotsa eta gitarra), Fredi Pelaez (teklatuak eta ahotsa), Jon Arruti (baxua eta ahotsa), Beñat Barandiaran (gitarra) eta Joxean Flores (bateria) izan dira Drindotseko musikariak.