Finalaren atarian geratu da Mantxi

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 25a, 08:46
(Bertsozale Elkartea)

Beñat Gaztelumendik lortu zuen Oiartzungo finalaurrekoan Illunberako  txartela, saioa irabazita. Iñigo Mantzizidor 'Mantxi'k bosgarren egin zuen; finaletik kanpo geratu da matematikoki zarauztarra.

Bi saio soilik falta dira Gipuzkoako Bertsolari txapeldun berria erabakita gelditzeko. Atzo jokatu zuten bigarren finalaurrekoa Oiartzunen, eta Agin Labururekin batera (Arrasateko finalaurrekoa irabazi zuen), Beñat Gaztelumendi da bere saioa irabazita finalerako txartela eskuratu duen bigarren bertsolaria.

Zarauztik 11 bertsolarik eman zuten izena txapelketarako, eta horietatik Iñigo Mantzizidor Mantxik soilik lortu du finalaurrekoetara iristea. Atzoko Oiartzungo saioan amaitu zitzaion aurtengo txapelketako ibilbidea Mantxiri, ordea. Ale politik utzi bazuen ere, orokorrean, gozakaitz aritu zen oholtzan, eta bosgarren sailkatu zen 453 punturekin. Goraino bete zen Oiartzungo Elorsoro kiroldegia. Herritar batek kantatzen zuela eta, ez ziren gutxi izan bertaratu ziren zarauztarrak; Mantxi animatzeko bi pankarta ere jarri zituzten. Saioak lehertu ez zuen arren, bertsoaldi atseginak entzuteko aukera izan zen, orokorrean. Horrela geratu zen atzoko sailkapena:

  1. Beñat Gaztelumendi Arandia, 506 punturekin.
  2. Alaia Martin Etxebeste, 493,5 punturekin.
  3. Ane Labaka Mayoz, 472,5 punturekin.
  4. Asier Azpiroz Iztueta, 463 punturekin.
  5. Iñigo Mantzizidor Larrañaga, 453 punturekin.
  6. Amaia Iturriotz Etxaniz, 438 punturekin.

Hemen daude ikusgai saioko puntuazioak, ariketaz ariketa:

 

Datorren igandean, Tolosako finalaurrekoan erabakiko da Illunben izango den zortzikoa. Oraingoz, Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi dira txartela ziurtaturik duten bakarrak, eta bi finalaurrekoetako emaitzak batuta horien atzetik geratu diren hurrengo bostek, oraingoz, aukerak dituzte finalean izateko: Alaia Martin Etxebeste (493,5), Ane Labaka Mayoz (472,5), Nerea Elustondo (467), Asier Azpiroz (463) eta Iñaki Apalategi (459).

Tolosako Usabal kiroldegian kantatuko dute Beñat Lizaso Alberdik, Haritz Mujika Lasak, Iban Urdangarin Lardizabalek, Jokin Uranga Isuskizak, Jon Maia Soriak eta Oihana Iguaran Barandiaranek. Txapelketako azken bigarren saio horretarako sarrerak dagoeneko agorturik daude. Finala, berriz, abenduaren 14an izango da Donostiako Illunben. Sarrerak salgai daude bertsosarrerak.eus atarian, eta Txapelketaren inguruko informazio osoa eskuragarri dago bertsozale.eus en.