Gasco, Portillo eta Ballesteros pultsolariak Euskadiko txapeldun Gipuzkoarekin

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 25a, 16:30

2019ko Euskadiko kadete eta promesa mailako halterofiliako kriteriuma jokatu zuten larunbatean, Gazteizko Sansomendi kirolgunean.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kadete (2004, 2005, 2006an jaiotakoak) eta promesen (2002, 2003an jaiotakoak) selekzioak lehian izan ziren. Gipuzkoako selekzioarekin hiru kadete zarauztar lehiatu ziren: Danel Lopezen agindupean ari diren Harkaitz Gasco, Xuban Portillo eta Romeo Ballesteros.

Kadeteetan Gipuzkoako selekzioa izan zen garaile txapelketan, eta zarauztarrak, hurrenez hurren, bigarren, hirugarren eta bosgarren postuan sailkatu ziren norbere marka hobetu ostean. Emaitza bikaina  kadeteko lehen urtean izanik, eta bi urte zaharragokoen aurka lehiatuta.

ZKE Halterofiliakoen hurrengo txapelketa abenduaren 14an izango da, eta bertan alebinek eta infantilek hartuko dute parte.