Zarautz Kirol Elkartearen 75. urtemugaren harira, Atletismo atalak klubeko atleta beterano bati aitortza egin nahi dio aurtengo Bikote Mistoen Lasterketan. Txumai Fernandezekin batera, bera izan zen maratoiak, maratoi erdiak eta krosak egin hasi zen lehenengotarikoa herrian. Ehunka lasterketa ditu zangoetan, eta oraindik ere korrika jarraitzen du; duela gutxi, lagunartean Atenasko maratoia korritu du. Merezitako omenaldia jasoko du sari banaketa ekitaldian, 12:30ak aldera.
Igandean jokatuko da Zarauzko Bikote Mistoen Lasterketa, eta oraindik izena eman daiteke herrikrosa.eus webgunean. Bikoteko 25 euro ordaindu beharko da, eta epea larunbateko 11:00etan bukatuko da. Egunean bertan ere eman ahalko da izena; kasu horretan, bikoteek 30 euro ordaindu beharko dute. Parte hartze muga 600 bikotekoa izango da.
Ohi bezala, 7,5 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute lasterkariek, udal kiroldegitik hasi eta Musika plazan amaituz; nolabait ere, herriari bi itzuli eta erdi emango diote. Parte hartzaileek gehienez ere ordubete izango dute helmugaratzeko. Lehen hiru sailkatuek saria jasoko dute, baita lehen hiru bikote zarauztarrek ere.
Antolatzaileek bi egunetan banatuko dituzte dortsalak, Aritzbatalde pilotalekuan: lasterketa bezperan, larunbatean, bertan, 17:30etik 19:00etara, eta egunean bertan, igandean, 09:30etik 11:00etara. Lasterketa 11:30ean hasiko da kiroldegi aurretik.