Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala egin dute udal ordezkariek

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 25a, 14:06
Udal ordezkariak Azaroaren 25eko adierazpen instituzionalean. (Aritz Mutiozabal)

Xabier Txurruka alkateak EAJ ordezkatuz, PSE-EEko Gloria Vazquezek, EH Bilduko Itziar Muruak eta Podemos Equos-Berdeak taldeko Oihane Delgadok irakurri dute testua gaur eguerdian, udalbatzar aretoan, hainbat zinegotziren babesean.

Azaroaren 25eko Adierazpen Instituzionala
Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Eguna

Azaroaren 25a (Emakumeen Aurkako Indarkeria Desagerrarazteko Nazioarteko Eguna) dela-eta, indarkeria mota honen egitura-izaera nabarmentzen dugu, eta gure konpromisoa agertu nahi dugu emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko gizarte bat eraikitzeko.

Zoritxarrez, emakumeek indarkeria jasaten dute, oraindik ere, emakumeak izateagatik. Emakumeen kontrako indarkeria hau, gizarte matxista batean oinarrituta dago erabat eta gure gizartearen arazo estrukturala da. Indarkeriarekin bukatzeko ez da nahikoa indarkeria-adierazpen jakin batzuk aipatu eta salatzea, horrelako gertakari latz bat gertatzen den bakoitzean; gizon eta emakumeen arteko rolak, ohiturak eta pentsamoldeak aldatu behar ditugu; gertakaria eragin duten arrazoietara jo behar da, sustraira jo behar da, eta hori bakoitzaren eragin-eremutik egiteaz gain, erakundeon ardura ere bada.

Era berean, nazioarteko esparru juridikoarekin bat etorrita, berresten dugu beharrezkoa dela ekintzak proposatzea esku-hartzearen alor guztietan: prebentzioa, hautematea, arreta, babesa, koordinazioa eta justizia, arreta berezia jarrita biktimei eta bizirik atera diren pertsonei erreparazioa ematean.

Biktimei erreparaziorako printzipioak berekin dakar biktimak eskubide-urraketa bizi aurreko egoerara lehengoratzeko beharrezkoak diren ekintzak martxan jartzea. Indarkeria matxistaren biktimen kasuan, xedetzat hartzen da biktimaren bizi-baldintzak funtsean hobetzea, urratutako eskubideengatik erreparazioa jasota eta eragindako minetik berrezarrita. Era berean, ahalduntze-prozesua bultzatu behar da, indarkeria-egoerari aurre egiteko gaitasuna eta autonomia indartu dezaten.

Zarauzko Udalak biktimei arreta eskaintzeko alorrean aitortuta duen erantzukizuna eta eskumena bere gain hartzen du, gure herri eta hirietan indarkeria matxista jasaten duten emakumeengandik hurbilen gauden erakundea garelako. Politikarien eta teknikarien bultzada koordinatuarekin, tokiko erakundeen esku-hartzea funtsezkoa da erreparatzeko prozesuan, komunitateko bizitza berrezartzen laguntzeko eta biktimei erreparazio publiko eta soziala emateko, indarkeria matxistaren biktimen eta bertatik bizirik atera diren pertsonen inguru hurbilenean.

Horregatik, Zarauzko Udalak sendo adierazi nahi du gizarte feminista, justu eta ekitatezko baten aldeko aldarrikapena, eta konpromiso politikoak betetzeko jardun nahi du, eta, horren bidez, indarkeria matxistaren modu guztiak desagerrarazten lagundu, konpromiso hauek gure gain hartuz:

  • Biktimen eskubideak arreta-prozesu osoaren erdigunean jarriko ditugu, euren beharrizan eta eskariei entzunez eta arreta emanez.
  • Indarkeria matxista kasuen aurrean, gure prozedurak aztertzeko konpromisoa hartzen dugu, inplikatutako departamentuen artean gure lana koordinatuz eskaintzen dugun arreta hobetzeko asmoarekin, beti ere, erreparazioan fokua jarrita eta ikuspegi feministatik.
  • Erreparaziorako  eta ahalduntzeko esku-hartze prozesu guztietan, kudeaketa eta azkartasuna bermatzeko lan egingo dugu.
  • Tartean inplikatutako erakunde guztiekin koordinazioa bultzatzen jarraituko dugu, arreta eta baliabideak ahalik eta ondoen eskaintzeko.
  • Indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen seme-alabak indarkeria horren zuzeneko biktima direla  kontzientziatzeko programak garatzeko konpromisoa hartzen dugu, eta behar diren baliabide ekonomikoak bideratuko ditugu emakume biktimen eta, egonez gero, haien seme-alaben ongizatea bermatzeko.
  • Zarauzko Emakume etxearen eginkizun nagusietako bat indarkeria matxistarekin bukatzea izango da. Bertan, talde feministekin eta orokorrean Zarauzko emakumeekin modu estuan lankidetzan arituta, berdintasun-politikak eta ekintzak diseinatuko dira, besteak beste biktimei eta bizirik atera diren pertsonen errepazioari arreta  eskainiz. Baita ere, beharrezkoak diren zerbitzu eta programak martxan jarriko ditugu berdintasuna lortzeko eta diskriminazioa eta indarkeria matxistarekin bukatzeko.
  • Nerabeei eta gazteei zuzendutako formakuntza eta hezkuntza espazio eta prozesuekin aurrera egin eta indartu egingo ditugu, hezkuntza sexu-afektiboa eta emakume eta gizonen arteko harreman parekideak sustatzeko xedez, zehazki: indarkeria matxisten askotariko adierazpenak desnaturalizatzeko, baiezko onespena lantzeko, etab.
  • Zarauzko Udaletik borroka feministaren alde hartu dugun konpromisoa berretsi nahi dugu, indarkeriarik gabeko gizarte demokratiko bat eraikitzeko bide eta tresna nagusia den heinean.
  • Era berean, dei egiten diegu herritar guztiei, udalerri guztietan A25 dela-eta antolatuko diren salaketa- eta aldarrikapen-ekintzetan modu aktiboan parte har dezaten.