Pasa den ostiralean Euskararen Egunaren harira antolatutako pegatina eta bideo lehiaketako sariak banatu zituzten Etxezabalan. Zarauzko ikastetxe guztietako ikasleek hartu zuten parte eta, aurtengoan, Euskara 2200ean gaiari erantzungo zion ikus-entzunezkoa osatu behar zuten. Bideo lehiaketara hamalau bideo aurkeztu zituzten eta berdinketa hirukoitza egon zen, epaimahaiari aurkeztutakoen artean hiru oso onak iruditu zitzaizkiolako. Laugarren bideo bati aipamen berezia eman zioten, gaiarekin lotura handirik ez izan arren, asko gustatu zitzaielako epaileei.
Lehiaketetako irabazleek euskarazko kultur produktuak erosteko bonoak irabazi zituzten, Garoa liburu dendan aldatu beharko dituztenak.
Aipamen berezia irabazi duen bideoa Lizardi ikastetxeko Maider Saenz, Ainitze Ituarte, Nahia Aginaga, Lainu Portularrume eta Alexandra Agirrek egin dute.
Bideo lehiaketako irabazleak ondoko irudietakoak dira:
Pegatina lehiaketan 400dik gora lan aurkeztu zituzten Zarauzko ikasleek, eta horietako hiruri eman zieten saria.
Irabazlea Añes Galarraga izan zen:
Egitaraua
Gaur, asteazkena. Euskaraldiaren lehen edizioko Zarauzko datuen aurkezpena eta bigarren edizioaren nondik norakoak. 18:30ean Antoniano aretoan.
Bihar, osteguna. Itzulpen automatikoa, ametsetik errealitatera hitzaldia, ZarautzOn elkarteak antolatuta. Hizlaria: Xabier Diaz de Kortazar. 19:30ean Modelo aretoan.
Azaroak 29, ostirala. Bai Euskarari Ziurtagiriaren hitzarmena sinatzea udaletxeko pleno aretoan, 13:00etan.
Azaroak 30, larunbata. Euskaraldia: Bizipenak eta Desioak jaia. Txistulariak, dantzariak, mokadutxoa... 13:00etan Lege Zaharren enparantzan. Euria eginez gero, Gaztelekuan.
Azaroak 30 eta abenduak 1. Kirol jardueretan atxikimendu argazkiak.
Abenduak 1, igandea. 16:30ean antzerkia haurrentzat: Frankenstein (Didau antzerki faktoria), Modelo aretoan. 17:00etatik 19:30era dantzaldia familientzat Gauargi taldearekin, Musika Plazan.
Abenduak 3, asteartea. 19:00etan udaletxean, Euskai Saria euskararen erabileran nabarmendu direnei.
Abenduak 8, ostirala. Euskararen eguneko ginkana gaztelekuan.
Ikastetxeetan ere hainbat ekitaldi egingo dituzte:
Gaur, bihar eta etzi. Frankenstein antzerkia ikustera joango dira Modelo aretora eta Apaxi ipuin kontalariak beldurrezko istorioak kontatuko dizkie DBH 1 eta 2ko ikasleei.
Abenduak 2, astelehena. Mikel Markez eta Eñaut Elorrietaren Baga, Biga, Higa emanaldia Modelo aretoan, Batxillergoko lehen mailako eta Lanbide Heziketako ikasleentzat.
Abenduak 5, osteguna. Durangoko azokara bidaia egingo dute Batxillergoko lehen mailako ikasleek.