Emakumeen* Etxea urte hasieran prest egongo dela uste du udalak

Amaia Urbieta Arruti 2019ko aza. 27a, 10:00
Gloria Vazquez eta obra zuzendariak, Emakumeen* Etxea izango den egoitzan. (Amaia Urbieta Arruti)

Data zehatzik eman ez duten arren, urte hasierarako herriko emakumeen elkartokia martxan izatea espero dute. Hitzak lanak barrutik ikusteko aukera izan du.

Irailaren 15ean hasi ziren Nafarroa kaleko 3. zenbakian Emakumeen* Etxeko obrak egiten. Duela hilabete gutxira arte Turismo Bulegoa egon da egoitza horretan, eta 2020aren hasierarako zerbitzu berriak eskaintzeko moduan egotea espero dute. «Orain arte ez dugu arazorik izan eta obrak aurreikusita bezala atera dira, baina kontu hauek inoiz ez dira ziur jakiten», azaldu du Gloria Vazquez Zarauzko Udaleko Parekidetasun zinegotziak.

Vazquezek eta obrako zuzendariek prentsaren aurrean egindako agerraldian lanen nondik norakoak eta lokala nolakoa izango den azaldu dituzte.

Bi zati izango ditu Emakumeen* Etxeak: egoitza nagusia eta bilera gela. Zati nagusian egongo dira harrera, Parekidetasun Sailaren bulegoa, erabilera anitzeko gela eta lasai egoteko txoko bat. Gutxi gorabehera 170 metro koadroko azalera dauka espazioak. Egoitza nagusitik aparte bilera gela moduko bat egongo da, eta asmoa da feminismotik lan egin nahi duten herriko taldeei uztea espazio hori bilerak egiteko.

Gunea kudeatzeaz arduratuko den dinamizatzailea kontrataturik dago dagoeneko. Ortzadar enpresako langilea izango da eta arratsaldez egongo da harreran. Guztira, egoitza martxan jartzeko aurrekontua 250.000 euro ingurukoa izango dela jakinarazi du Vazquezek, eta txikiegia geratzen bada (85 pertsona sar daitezke gehienez), konponbidea bilatzeko konpromisoa hartu du.


Zerbitzuak eta beste

Emakumeen Jabetze Eskolako ikastaroak egiteko baliatuko dute erabilera anitzeko gela besteak beste, baita emakumeentzako egiten diren hitzaldietarako eta beste hainbat ikastarotarako ere. Parekidetasun Saileko bulegoa ere bertan egongo da,  eta etorkizunean, zerbitzu juridikoa eskaintzea da asmoa. «Aldundiak eskaintzen du zerbitzu hori indarkeria matxista jasan duten emakumeentzat, baina uste dugu beste gertutasun bat eskaintzea garrantzitsua dela», azaldu du Vazquezek.


Printzipioz, parte hartze prozesuan hala ebatzita, Emakumeen* Etxea gune ez mistoa izango dela azaldu du Parekidetasun zinegotziak. Bilera gelak ere izaera hori izango duen, berriz, zehazteke dago oraindik.