Patxi Sanchez: "Oraindik badut nahikoa gar korrika jarraitzeko"

Aritz Mutiozabal 2019ko aza. 27a, 08:44
Patxi Sanchez korrikalari ohia (Aritz Mutiozabal).

Zarauzko Bikote Mistoen 41. Krosa jokatuko dute igandean, 11:30ean hasita. Aurten, Patxi Sanchez (Badajoz, Espainia, 1956) atleta zarauztarra omenduko dute, bere ibilbide oparoa aitortuz.

Omenaldiak zer esan nahi du, erretiroa iritsi zaizula ala?
Ezta pentsatu ere! Oraindik badut nahikoa gar korrika jarraitzeko! Erretiratu ez, baina egun gozatzeko egiten dut korrika. Atzean utzi ditut garai bateko lehiak. Edonola ere, nik beharrezkoa dut lasterka egitea.


Argi dago 80ko hamarkada hasieratik hona egindako balentriak eta lana eskertzeko aitortza izango dela igandekoa.
Hori da, bai. Txumai Fernandezi bururatu zitzaion omenaldiarena, eta berak komentatu zidan zuzenean. Zarautz Kirol Elkartearen 75. urteurrena zela eta, Bikote Mistoen Krosaren ondoren omenaldia egingo didate.

Txumai Fernandez aipatu duzula, zuek biok hainbat kilometro egina duzue elkarrekin.
Bera ni baino lehenago hasi zen korrika. Lankidea nuen garai hartan, Elba lantegian. Txumai soldaduskatik itzuli eta handik gutxira hasi zen korrika, eta ni urtebete geroago, 1982an, apustu baten bidez. Orduan, parranda zen nagusi eta ez zegoen korrikarako ohiturarik. Garma gimnasioan hasi nintzen entrenatzen, eta pixkanaka-pixkanaka lortu nuen helburu hori. Gustua hartu nionez, zaletasunarekin jarraitu nuen eta maratoia izan zen jarri nuen hurrengo erronka.

Nolakoa izan zen apustu hura eta zer jokatu zenuten?
Zarauztik Zumaiara korrikaldia izan zen, hamar kilometroko ibilbidea errepidetik, eta gehienez 40 minutuan osatu beharra zegoen. Afari bat zegoen jokoan, eta apustua nik neuk irabazi nuen, hamabost segundogatik. Ekainean egin genuen hori, eta handik aurrera kilometroak sartzen jarraitu nuen, urrian Donostiako Maratoia jokatuz. Hor konturatu nintzen ongi moldatzen nintzela, eta probetan parte hartzen segitu dut gaur egunera arte.


Maratoiak ez ezik, askotariko probak jokatu dituzu.
1988an entrenatzaile batekin hasi nintzen lanean, eta pistan eta krosetan lehiatzen hasi nintzen, Atletico San Sebastian atletismo taldearekin. Baina beti helburu nagusia maratoia izaten nuen. Norbere marka hobetzea zen erronka: bi ordu eta erdiko denbora jaistea asko kostatu zitzaidan, baina 1991n lortu nuen Donostian. Hala ere, betiko marka Londresen egin nuen 1994an, duela 25 urte, erlojua 02:25:45ko denboran geratuz. Handik aurrera, saiatu nintzen arren, konturatu nintzen nire topera iritsi nintzela. 


Esan daiteke Patxi Sanchez marathon man bat dela.
Bai, halaxe definituko nintzateke. Baina egia da denetarik egin dudala, baita mendiko lasterketak ere. Adibidez, Zegama-Aizkorri probarekin hasi zirenean bete-betean sartu ginen, eta beterano mailan bi txapel lortu nituen, jada 45 urtetik gora nituela. Gero, Pagoetako Mendi Lasterketa antolatzen ere aritu ginen lehen hamabi urteetan, eta orain jada martxa hartua du. Bestalde, nire beste erronka handi bat izan zen 1997an Kantabrian (Espainia) jokatutako 100 kilometroko lasterketa, jada 41 urterekin. Orain, azken urteetan, urtero maratoi bat egiten saiatzen ari naiz.


Ez da batere makala daramazun erritmoa.
Atzerrira joatea gustuko dut. Aurten Atenasko maratoia egin dugu, eta duela lau urte Berlingoa, Kenenisa Bekele handiarekin. Nire aurretik atera zen, eta sei segundogatik ez zuen lortu munduko errekorra proba hartan. Gero, krosetan aritu naiz, adibidez, Elgoibarren eta Lasarten, garaiko nazioarteko onenekin: Haile Gebrselassie, Paul Tergat, Martin Fiz, Diego Garcia... Plazer handia izan da haiekin ateratzea; gero, jakina, bakoitzak bere lasterketa egiten zuen.


Korrikalari bezala, nola egituratzen zenuen urtea?
Neguan krosak egiten nituen, eta gero, pista. Udaberrian, maratoi indartsu bat egiten nuen, entrenatzeko garai egokia delako. Urte bukaera aldean, Behobia-Donostia eta Donostiako Maratoia ia beti.


Zer da zuretzat korrika egitea?
Plazer hutsa. Sentsazio zoragarria da. Izerdia bota, etxera iritsi, dutxatu eta zerbait handia egin duzula  sentitzea. Kirol polita da, solidarioa. Lagunak egiteko  balio izan dit, lagun asko.


Zarautzen korrikako lagun talde polita izan duzu.
Hala da, bai. Jada beteranoak gara, 60 urtetik gorakoak, baina hortxe jarraitzen dugu, bakoitza bere mailan; baten batek triatloira ere egin du jauzi. Urte luzez aritu gara lasterketaz lasterketa Txema Gomez, Antonio Rueda, Txumai Fernandez, Mikel Mendizabal, Jon Aranburu, Xabier Roteta, Hilario Beizama eta Ramon Rodriguez, nahiz eta batzuk egun utzita daukaten.

Igande honetan, omenaldia jaso aurretik, bikote mistoen lasterketan parte hartzeko asmorik ba al duzu?
Aspaldian ez dut egin, baina aurten aterako naiz. Bikote Mistoen Kroseko arazoa da bikotekide falta izaten dela. Nirekin korrika egingo duena, Belen Alkorta, bere semearekin hasi zen proba egiten, baina aurten bere semeak ezin du eta niri deitu dit. Zarauzko Emakume Korrikalariak taldeko kideetako bat da Belen.

Duela aste batzuk Atenasko Maratoi mitikoan hartu zenuten parte. Jatorrira bidaiatzea bezala izan al da?
Authentic deitzen diote beraiek. Betikoa da. Duela 2.500 urte Filipides mezulariak Maratoitik Atenasera joan zen ibilbidea osatu genuen. Monumentu bat dago Atenasko gerlarien omenez, eta Maratoiko lautadan jokatzen dira 42 kilometroak. Aldapatxoa du, eta beroa egin zigun, baina Olinpora sartu ginen. Betidanik izan dut egiteko gogoa, eta Berlinen komentatu genuen Txema Gomez, Antonio Rueda eta hirurok Atenas falta zitzaigula. Aurten lortu dugu, maratoilari batek egin beharrekoa baita bai ala bai.


Eta zein izango da zure hurrengo erronka?
Sahara Marathon ekimenean hartuko dut parte otsailaren azken astean. Elkartasun bidaia bat izango da: Tindouf  basamortuko kanpalekuan dauden errefuxiatuekin egongo gara, eta beraien etxeetan hartuko dugu ostatu, beraien penak eta pozak partekatuz. Duela hamar urte ere han izan nintzen, eta orduan bazeramaten 35 urte bertan. Orain, 45 urte badoaz, eta egoera negargarrian jarraitzen dute.  Lehen aldiz izan nintzenean, alabei esan nien nagusitzen zirenean itzuliko ginela. Beraz, nire bi alabek bost kilometrotako lasterketa egingo dute, eta nik maratoia. Denbora kontuan hartu gabe, modu solidarioan. Helburua beste bat da.