Iosu Txapartegi: «Euskal Eskola Publiko bateratu bat proposatzen dugu liburuan»

Amaia Urbieta Arruti 2019ko aza. 29a, 08:00
Iosu Txapartegi. (Amaia Urbieta Arruti)

‘Eskola Publikoa ez da Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa’ liburua ondu du Iosu Txapartegik Fito Rodriguezekin batera. Hezkuntza ereduei buruz hausnartu eta konponbideak proposatu dituzte.

Ikastolen eta herri eskolen ereduak dituzue hizpide idatzi berri duzuen liburuan.
Duela pare bat urte ikusi nuen hedabideetan normalizatzen hasi zela ikastolak pribatuak zirenaren ideia hori, eta oso arriskutsua eta erratua iruditu zitzaidan. Publiko eta pribatu kontzeptuak forma berriak hartzen ari dira gaurko gizartean.  

Batzuek pentsatzen dute publikoa dela estatuarena dena, ofiziala edo administrazioarena, eta pribatua, berriz, susmopean jarri behar dela beti.  Pribatua deitzen diogun guztia ez da mesfidantzaz hartu behar, are gutxiago estaturik ez daukagun nazioa garela kontuan hartuta. Horrek behartzen gaitu gauzak komunitatean egitera, eta horri pribatu deitzea ez dago ondo. Botereak absolutu bihurtzen direnean nonbaitetik egin behar da haren kontra. Hori ekimen herritarra da, ez du pribatu hitzarekin batera ulertzen dugun anbizio handiko zentzurik.

Beldurtzen zaitu jendeak herri eskolei publikotasuna aitortzeak. Ez al dira publikoak?
Ez. Gaurko sistema publikoak, izan hezkuntza izan beste edozein sistema, atzean ez du botere euskaldunik, estatu boterea baizik, eta hori da espainiarra edo frantsesa. Orduan, ez dugu kontsideratu behar publiko.
 
Nik badakit eskola publikoetan zenbat indar egiten ari diren guraso eta irakasleak euskalduntzeko. Prozesu hori, askotan behartsuenekin, izugarri interesgarria eta ona da, baina ezin da ahaztu sistema espainiarraren barruan daudela, eta estatuak nahi duenean erabakiko duela zer irakatsiko den han. Adibidez, estatuak esango balu hemendik aurrera eskoletan ez dela esango Euskal Herria existitzen dela zazpi probintziekin, ba hala egin beharko litzateke. Hori ez da ahaztu behar.

Ikastolei egotzi izan zaie pribatuaren zentzu txar hori, edonork ezin duelako bere haurra hara ikastera eraman.
Ikastolak beti nahi izan du publikoa izan. 1987an Zarautzen Kilometroak egin zenean leloa zen Euskal Eskola Publiko bat. 1983an Euskal Eskola Publikoaren legea egin zuen Fernando Buesak, eta garbi utzi zuten orduan: «Dagoena hartu edo pribatu izaerarekin geratuko zarete». Buesaren eta PSOEren intentzioa izan zen ikastolen mugimendua desagerraraztea. Ezin zuten ulertu nola egon zitekeen sare bat publiko eta pribatutik aparte; hain zuzen, gure herriaren emaitzarik onena dena.

Beraz, 83an hala egin zuten. EAJk utzita, ikastolak erditik puskatu zituzten eta leku oso zalantzakor batean geratu ziren. Orduan hasi ziren ahal zen moduan, kuotekin, kooperatibak sortuz, aurrera egin nahian. Kuotak igotzeak ere bere arriskua du eta ikastolek hainbat konturekin oso tentuz ibili behar dute. Horrek ez du kentzen ikastolaren barruan ere badirela indar batzuk ez dutenak arazorik pribatu izaten jarraitzeko. Pentsamendu eskuindarra ikastolaren barruan ere badagoelako.

Zein da proposatzen duzuen irtenbidea?
Borrokan gabiltza etengabe. Bi eskolen arteko borroka saihestu behar dugu, eta hori ikusten ari gara egunero. Jaiotzak jaitsi dira, ume gutxiago dago banatzeko eta eskola bakoitzak berea defendatzen du. Ariketa bat egin behar genuke denok, beste sareen aurka ez aritzeko, horrek kaltea bakarrik ekartzen duelako. Sare bakoitzak berea nahi du mantendu, eta hori normala da, baina elkarren kontra jardutea da zuloa egiten jarraitzea. 

Guk planteatzen dugun soluzioa da sare guztiak batzea eskola komunitario berri batean, minimo batzuk jarrita. Ez da zaila oinarri horiek idaztea, funtsean denok izan nahi ditugulako ardatz euskara, euskal curriculuma, atzerritarrak zaintzea, denok eskubide berak izatea eta elkar ondo tratatzea. Horietan ados gaude, baina etxe desberdinak eraiki ditugunez, bakoitzak berea defendatzen du. Guk planteatutako ereduarekin pentsatzen dugu gehienak egon daitezkeela ados. Nahi dugu eskola bat ez dena egongo estatuaren menpe, hemengo administrazioaren zerbitzura baizik. 

Euskal Autonomia Erkidegoko administrazioaren zerbitzura diozu?
Tira, ahal bada Euskal Herri osokoaren zerbitzura, baina bai. Euskal Herrikoa ez da existitzen, baina hemendik abiatu behar dugu, ez Espainiatik. Hori da garrantzitsuena. Gainontzeko balioetan ados gaude ikastetxe sare desberdinok. Kanpokoari ateak ixtea muga txarra da, baina muga mota batzuk beharrezkoak dira norberaren izaera gordetzeko eta zaintzeko. Irekitasun horrek ezin du suposatu gurea galtzea. 

Zeintzuk izango lirateke proposatzen duzuen ereduaren mugak?
Gureak betiko gauzak dira. Guk nahi dugu Euskal Herri anitza, eskola euskaldun bat bertako umeentzat eta kanpotik datozenentzat, kanpoan ere jakin dezaten hemen herri bat dagoela eta herri hori zaintzen ez bada desegin egingo dela. Gaur egun indar asko daude bilatzen dutenak herri txikiak desegitea. Jendeak ez du ulertzen zergatik iraun behar duzun txikia bazara. 

Estatutik, goiko boteretik, datorrenari mesfidantzaz begiratzen diogu, nahiz eta guk ere estatu bat eskatzen dugun. Baina guk eskatzen dugun estatua eta  espainiar batek buruan daukan estatu kontzeptua desberdinak dira. Guk konfiguratzen dugu estatua defentsa moduan, gure kontuak mantentzeko. Kultur estatu moduan definitu zuen Joxe Azurmendik behin. Gure bizimodua, gure artean nola tratatzen garen, hori zaintzeko eta errespetatzeko estatu bat nahi dugu. 

Horretarako estatu bat beharrezkoa dela uste al duzu?
Nik uste dut baietz. Estatu bat ez baduzu gaur egun zaila da ezer egitea. Estatuetako buruek hartzen dituzte erabakiak, eta zu ez bazaude han, zarenik ere ez dute jakingo.

Balioetan ados bazaudete, zer falta da proiektu hori gauzatzeko?
Falta da inportanteena: indar politikoa. Indar soziala elkartzen joango dela uste dut. Nola uste duzu har diezaiokeela euskaldun batek gorrotoa ikastolari? Gure kontzientzia nazionala asko jaitsi da estatutua sortu zenetik. Autonomistak bihurtu gara, eta kontzientzia nazionala sortzeko gure tresnak, adibidez, ikastolak, apaldu egin dira. Orain eskola bat gehiago dira. Kontzientzia nazionala nolabait berriro ere berpiztu behar dugula uste dut.