Entzumen urritasuna duten pertsonen beharrak jasotzeko bilera irekia egingo dute

Amaia Urbieta Arruti 2019ko abe. 1a, 10:00
Prentsaurrekoa zeinu hizkuntzatik euskarara eta alderantziz itzuli dute. (Amaia Urbieta Arruti)

"Dibertsitateren betaurrekoak janzteko" deia egin du Jesus Arana Gizarte Politika zinegotziak. Udala Zarauzko pertsona gorrei arreta zerbitzua eskaintzeko urratsak egiten hasiko da, eta lehena asteazkeneko bilera irekia izango da.

Udaleko Gizarte Politika Saila urratsak egiten hasi da zarauztar gorrei ematen zaien arreta zerbitzuan. Aurrerapausoak entzumen urritasuna duten herritarrekin batera egin nahi dituzte, eta horretarako bilera irekira deitu dituzte pertsona zarauztar gorrak edo entzumen urritasuna dutenak. Abenduaren 4an, datorren asteazkenean, izango da bilera ireki hori, 18:30ean udaletxe zaharrean. Jesus Arana Gizarte Politika zinegotziak dei egin die egoera hori pairatzen duten herritarrei bertaratzeko. "Bilera horren helburua da gorrei eta entzumen urritasuna duten pertsonei aditzea, beraien beharrak ulertzeko. Horrez gain, udalak konpromisoa hartuko du, ahal duen heinean, behar horiek asetzeko", azaldu du.

Bestalde, Aranak jakinarazi du udala harremanetan jarri dela Pertsona Gorren Elkarteen Euskal Federazioarekin, aurrerantzean eman beharreko pausoak bideratu ahal izateko. Prentsaurrekoan izan da Aitor Bedialauneta federazioko lehendakaria, eta eskerrak eman dizkio Zarauzko Udalari, beraiengana jotzeagatik. Gehitu du, berak dakienez, Zarauzkoa dela oraingoz halako urratsak eman dituen bakarra, eta gainontzeko herrientzat "erreferente" eta "eredu" bihurtzea espero duela. Abenduaren 4an egingo den bilera horretan garrantzitsua izango dela uste du Zarauzko pertsona gorren orain arteko ibilbidea ezagutzea, gaur arte ez delako egon horretarako aukerarik.

Badauden baliabideak

Gizarte Politika zinegotziak gehitu du udalak badituela hainbat baliabide entzumen urritasuna duten pertsonei zerbitzua eskaintzeko. "Alde batetik, Modelo aretoan bukle magnetiko izeneko sistema dago, eta horri esker entzumen urritasuna edo inplantea dutenek aukera dute hango ekitaldiak kalitatez entzun eta ulertu ahal izateko. HAZen eta Turismo Bulegoan ere antzeko zerbitzua eta seinaletika ditugu pertsona horiek baliabide horiek erabili ditzaten".

Horrez gain, datorren urterako Zarauzko Udaleko langile guztientzako prestakuntza berezi bat aurreikusten dute, hain zuzen, dibertsitate funtzionalari lotutakoa. Aranaren ustez beharrezkoa da udalaren parte direnek "udal langile bezala zein herritar bezala, dibertsitatearen betaurrekoak jaztea. Horrela bakarrik izango dugu aukera Zarautz zarauztar guztientzat egiteko".