34 establezimenduk berritu dute Bai Euskarari Ziurtagiria

Zarauzko Hitza 2019ko aza. 29a, 18:00
Bai Euskarazi Ziurtagiriaren ekitaldia udalbatzar aretoan. (Hitza)

Bai Euskarari Ziurtagiriaren hitzarmena berritu dute gaur eguerdian Bai Euskarari Elkarteko zuzendari Rober Gutierrezek eta Xabier Txurruka alkateak, udalbatzar aretoan. Duela 14 urte sortu zen Zarauzko Udalaren eta Bai Euskarari Elkartearen arteko elkarlana, eta hainbat establezimendu izan dira urte hauetan ziurtagiria atera dutenak. Aurten 34 establezimenduk berritu dute euskararekiko konpromisoa; horietako zenbait –tartean, Urola Kostako Hedabideak– ekitaldian izan dira. Zarauzko Udalak beste behin bide horretan egon nahi izan du eta 4.800 euroko ekarpena egin du aurten.

Gutierrezek eskerrak eman dizkie udalari eta herriko ziurtagiridunei, euskaraz lan egiteagatik eta euskaraz bizi nahi izateagatik. “Bide-erakusleak”  direla eta "zubiak eraikitzen" jarraituko dutela nabarmendu du. Horrekin batera, esan du “izpiz izpi guztion argiak” direla beharrezko euskararen etorkizuna gero eta distiratsuagoa izan dadin eta espazioak argitsuak izan daitezen. Baita Lan munduari “estrategikotasuna” aitortu zaiola ere, eta aitorpena egiteaz harago, “ekintzen garaia” dela, “neurriak hartzekoa, urratsak egitekoa”.

Zarautz herri euskalduna dela azpimarratu du Txurrukak, "baina gero eta euskaldunagoa izatea nahiko genuke". Euskara jakitea ez dela nahikoa, eta "ezinbestekoa" dela ahoz aho erabiltzea azaldu du: "Edozein unetan, tokitan eta jardueretan euskaraz egiteko aukera egitea garrantzitsua dela pentsatzen dugu".

Alkatearen hitzetan: "Sekulako garrantzia du euskarak merezi duen tokia izatea establezimenduetan, horrela bezeroengandik gertuago baikaude. Euskaraz eginez gero, harrera pertsonalizatuago bat eskaintzen diegu, konfiantza handiagoa sortzen da eta, zentzu horretan, abantailak baino ez dizkigu ematen". Horren harira,  diru-laguntzak, ikastaroak eta aholkularitza zerbitzua eskaintzen dituztela jakitera eman du.

"Udalerri garrantzitsua"

Irune Urbieta Euskara zinegotziak, bere aldetik, dio gustura hartu dutela bete urte batez Bai Euskarari Elkartearekin duten konpromisoa. Era berean, zehaztu du Zarautz euskararen normalizaziorentzat "udalerri garrantzitsua" dela: “Herri turistikoa izan arren eta biztanleria hazten joan den arren euskaldunen portzentajea eta euskararen erabilera mantendu dira azken 20 urte hauetan”.

Dena dela, Urbietak nabarmendu du Zarautzen euskararen alde lanean segi behar dela, eta datorren urteko Euskaraldiaren leloari aipamena egin dio: “Egin dezagun euskara gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan. Guztion gogoa eta ahalegina eskatzen dituen helburua; helburu ilusionagarria; denoi dei egiten diguna: norbanakoei eta kolektiboei, herri aginteei, alderdi politikoei, langileen sindikatuei, enpresari-elkarteei, kirol, aisialdi nahiz kultur arloko elkarteei, gizartearen arlo desberdinetako erakundeei…”.