Abenduaren 14rako antolatu dute Bertakoak egitasmoa

2019ko Bertakoak egitasmoaren aurkezpena.

Zarauztik mugitu ere egin gabe, munduan barrena bidaia gastronomikoa egin nahi duten herritarrek, abenduaren 5era arte zabalik izango dute izena emateko aukera.

Abenduaren 14rako antolatu du Zarauzko Udalak Bertakoak egitasmoa, herriko bizikidetza eta kultur aniztasuna bultzatzeko asmoa. Aurten hamar herrialde desberdinetako sukaldariek eta beste hainbeste elkarte gastronomikok parte hartuko dute proiektuan. Iratxe Zorrozua Inmigrazio zinegotziaren esanetan, "Bertakoak jatorri desberdineko zarauztarrak mahai baten inguruan biltzeko aitzakia da. Batera bizi gara, baina ez dugu elkar ezagutzen, eta elkar ezagutza da kanpotik etorritakoen integrazioa bultzatzeko biderik eraginkorrena". Hala, Bertakoak egitasmoarekin "denok zarauztarrak garela" aldarrikatu nahi du Zarauzko Udalak. "Berdin dio nondik edo noiz etorri garen herrira, denok baikara ongietorriak, eta herriko kultura guztiek osatzen baitute Zarautz", adierazi zuen Zorrozuak.

Gastronomia "bi norabidedun integrazioa" ahalbidetzeko bidea izango da abenduaren 14an, larunbatarekin. Dena dela, aldez aurretik eman beharko da izena, antolatzaileek elkarte bakoitzean zenbat herritar bilduko diren jakin dezaten. Abenduaren 5era arte zabalik izango da epea, eta interesa dutenek Gizarte Zerbitzuetan, 943-005127 telefono zenbakira deituta, edo immigrazioa@zarautz.eus helbidera idatzita inskribatu daitezke, 10 euroren truke.

Herritarrek izena ematen dutenean, zein elkartetan bazkaldu nahi duten zehaztu beharko dute. Alkartasuna elkartean Hondurasko gastronomia izango da protagonista eta Arrano elkartean Boliviakoa. Batzokian Argentinako jakiak dastatzeko aukera izango da, Ezkertokian Nikaraguakoak, Francisco Zurbaran elkartean Senegalgoak eta Galeperra elkarteak Guatemalakoak. Bestalde, Gure Kabia elkartean Euskal Gastronomiako platerak prestatuko dituzte, Itxas Mendiko elkartean Marokokoak, Iñurritzako Pentsiodunen elkartean Brasilgoak, eta azkenik, Kayua elkartean Kolonbiakoak. Zarauzko Udalak, herritarrak Bertakoak ekimenean parte hartzera gonbidatu ditu.