Euri zaparradapean saretu dituzte Euskaraldiko bizipenak eta desioak

Amaia Urbieta Arruti 2019ko aza. 30a, 15:14

Eguraldi txarrak festa bere osotasunean ospatzea galarazi duen arren, herritarrei dei egin diete Euskaraldiko bizipenak eta desioak saretzeko.

Aurten Euskaraldirik izango ez den arren, lanean dihardute tokian tokiko Euskaraldiko batzordeek, eta Euskararen Egunaren bueltan hainbat ekitaldi antolatu dituzte Zarautzen ere. Euriak gaurko festa hein batean zapuztu duen arren, ekitaldia ez da bertan behera geratu, eta bertaratu direnek gogoz jo dute txalo inguruko tabernen aterpeetatik.

Goizeko Ihintzako txistulariak eta Zarautz TRIK taldeko trikitilariak fin aritu dira herria girotzen lehenengo, eta aurkezleek hartu dute hitza segidan. Datorren urteko Euskaraldiaren gakoak eman dituzte, eta gaurko ekitaldian bertaratutakoak gonbidatu dituzte Euskaraldiaren bueltan izandako bizipenak eta desioak idaztera. Desio eta bizipen bakoitza bi aldiz idatzi dute herritarrek; lehena sarean zintzilikatzeko eta bigarrena norberak gordetzeko. 

Aner Peritzek hiru bertso abestu ditu Euskaraldian bizitakoak gogora ekarriz eta, segidan, Nahikari Gabilondok irakurri du Kike Amonarrizek Euskararen Egunerako idatzitako manifestua. Ekitaldiak iraun artean mural dotorea margotzen aritu dira Garazi Aranguren, Goretti Aranburu eta Haritz Irureta; gaurtik aurrera, hain zuzen, udaletxeko erakusleihoan izango da ikusgai murala. Amaitzeko, mokadutxoa jateko aukera izan da, eta trikitilariek itxi dute ekitaldia.