Euskadiko Harri Handien Txapelketan lehiatuko dira Eizmendi eta Eiza

Urola Kostako Hitza 2019ko abe. 1a, 11:00
Jokin Eizmendi. (Juan Carlos Irigoien)

Abenduaren 7an jokatuko da Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan, eta zazpi harri-jasotzaile ariko dira nor baino nor; horietatik sei Urola Kostakoak dira.

Abenduaren 7an, larunbata, Euskadiko Harri Handien Txapelketa jokatuko da Azpeitiko Izarraitz frontoian 18:00etatik aurrera, eta parte hartuko duten zazpi harri-jasotzaileetatik sei Urola Kosta eskualdekoak dira. Hain zuzen ere, Aimar Irigoien errezildarra, Jokin Eizmendi zarauztarra, Xabier Peñagarikano Peña aizarnazabaldarra, Aimar Galarraga oriotarra, Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarra eta Xabier Aranburu Urrestillako bizilaguna lehiatuko dira txapelketan. Horiez gain, Julen Diaz arabarra ere ariko da harri-jasotze txapelketan.

Hainbat lan egin beharko dute lehiakideek: 16/14 arroako (200/175 kilo) laukizuzena, 16/14 arroako (200/175 kilo) zilindrikoa, 12 arroako (150 kilo) kubikoa eta 8 arroako (125 kilo) bola jaso beharko dituzte. Hiru minutuko lana egin beharko dute harri bakoitzarekin. Sarrerak 20 euro balioko ditu.

Iaz, abenduaren 22an jokatu zuten harri handien Euskadiko txapelketa Asteasun (Gipuzkoa), eta Jokin Eizmendi izan zen irabazlea; guztira, 7.150 kilo altxatu zituen zarauztarrak.