Natalia Gomezek eta David Lopezek irabazi dute Bikote Mistoen Krosa

Aritz Mutiozabal 2019ko abe. 1a, 14:54
Natalia Gomez eta David Lopez barakaldoarrak aurretik jarri dira hasieratik. (Aritz Mutiozabal)

Olatz Flores eta Asier Arana zarauztarrak izan dira bigarren sailkapen orokorrean, eta, horrez gain, herriko bikote onenaren saria jaso dute.

Eguraldia aldeko, 518 bikotek osatu du gaur eguerdian Zarauzko Bikote Mistoen 41. Krosa.  Aurten, Natalia Gomez eta David Lopez barakaldarrak izan dira herrian zehar 7 kilometroko ibilbidea egiten bizkorrenak. Nagusitasunez irabazi dute lasterketa: hasiera-hasieratik jarri dira buruan, eta minutu eta 23 segundoko aldearekin irabazi dute (27:22).

Bigarren sailkatuak, eta nolabait ezustea emanez, etxeko bikote bat helmugaratu da: Olatz Flores eta Asier Arana zarauztarrak (28:25). Zaragozako atletismo talde batean dabil Flores eta Arana txirrindulari ohia da eta egun Zarauzko Tritaloi Taldean dabil. Podiuma osatuz, hirugarren postuan sailkatu dira Maite Arraiza barakaldarra eta Ruben Iniesta sestaoarra, zarauztarrengandik 20 segundora (28:45).

Zarauztarren artean, Floresek eta Aranak osatutako bikoak jantzi du txapela, eta bigarrenak Nerea Cortes eta Ibon Oregi izan dira. Hirugarrenak, berriz, Miren Segurajauregi eta Hektor Lanos.

Sanchezi aitortza

Sari banaketarekin hasi aurretik, omenaldia egin diote Patxi Sanchez korrikalari beteranoari. Gatetxekoek prestatuko pankarta ere ikusi ahal izan da Musika Plazan: "Patxi, eskerrik asko! Korre ke te kasko!". Esatari lanetan aritu den eta lagun ere baduen Iratxe Aranburuk gidatu du ekitalditxoa, eta Sanchezek aldamenean izan dituen lagunak igoarazi ditu kioskora.

Mikel Mendizabalek eta Jon Aranburuk hartu dute hitza, eta korrikalariaren nondik norakoak kontatu dituzte. Ondoren, Koldo Olazabalek bertsoak abestu ditu, eta lagunen izenean koadro batean oparitu diote. Alabak, emaztea eta ilobak ere igo dira jarraian, eta alabek ere izan dituzte esker hitzak aitarentzat.

Sanchez asko hunkitu da lagunek eta familiakoek beretzako prestatu duten guztiagatik. Aitortza ofiziala ondoren etorri da, ordea. ZKEko presidente Esteban Collantesek elkarteko urrezko intsignia jarri dio, ZKEren 75 urteurrenaren harira, 20 urtez atletismo atalean fitxa izateagatik. Bukatzeko, familia argazkia atera dute