Ostegunean hasiko da Erdi Aroko azoka

Beste urte batez Erdi Aroko Azokak hartuko ditu Zarauzko kaleak abendu hasieran. Datorren ostegunetik igandera, hainbat postu eta emanaldi izango dira Alde Zaharrean.

Zarautz Erdi Aroan murgilduko da aurten ere. Ohkoa den bezala, abenduaren hasierarekin batera Erdi Aroko azoka iritsiko da herrira. Xacobeo MMXXI-k antolatutako eta Zarauzko Udalak babestutako merkatu bereziak Alde Zaharreko kaleak girotu eta alaituko ditu abenduaren 5etik 8ra bitartean. Azokaren ordutegia 11:00etatik 22:00etara izango da.

Ixidor Larrañaga Turismo, Jaiak eta Ekitaldiak Saileko zinegotziak gogorarazi du azokak "jende ugari" erakartzen duela zarautzera, eta adin guztietako jendearentzat 200 ekitaldi baino gehiago eskaintzen dituela. Aurten, su eta piroteknia ikuskizuna izango da ostiral gauean, Excalibur Teatreren eskutik, eta Ignota taldeak borroka erakustaldiak egingo ditu.

Azoka, urtero bezala, bost gunetan antolatuta egongo da: Tabernen gunea, falkoneria eta kanpamendua, haurren gunea, jolas erraldoiak eta ikuskizunen gunea.

Toki aldaketa

Aurten lekuz aldatuko dituzte Azokaren gune batzuk. Azaldu dutenez, helburu nagusia pertsona guztien segurtasuna bermatzea da, baita Bizkaia kaleko trafikoa arintzea ere. Izan ere, aurreko urteetan, Bizkaia kaleak Azokaren eremua erditik gurutzatzen zuen eta, trafikoari zabalik uzten zenez, herritarren segurtasuna "arriskuan" jar zezakeen. Hala, aurten Alde Zaharreko kale peatonalizatuetan kokatuko dute azoka. Hala, Herrikobarra eta San Frantzisko kaleetan ere izango da aurtengo azoka, eta Iturribide kaleko parkinean jaki eta edarien gunea jarriko dute; Geltoki parkean, berriz, haurren gunea. Era berean, Lege Zaharren enparantzan, Zigordia kalean, Musika Plazan eta Kale Nagusian jartzen zituzten postuak eta guneak mantendu egingo dira. Turismo Sailetik garraio publikoa erabiltzeko gomendioa egiten dute, hala ere, doako aparkalekua egongo da Salberdinen.

Geltoki Parkean edo Iturribide kalean garajeak dituzten bizilagunei, azokan jende gehien elkartzen den orduetan kotxea ez erabiltzeko gomendioa egin diete Udaltzaingotik. Beraientzat Foruen kaleko TAO gune urdinean aparkalekuak gordeko dira. Hala ere, bizilagunen batek ezusteko edo behar berezi bat izango balu eta bere garajera sartu edo atera beharko balitz, Udaltzaingoari deitu eta laguntza eskainiko zaio. Merkatu Plazako baserritarrek, beraien produktuak deskargatzeko aukera izango dute betiko ordutegian Zigordia kalean. Eguerdian egin beharko dute, Lege Zaharren enparantzan, 12:30etik 13:30era bitartean, Udaltzaingoaren laguntzarekin.