Alde handiz galdu du Ulaciak EBA ligaren 10. jardunaldiko partida Arrasaten

Zast Saskibaloia 2019ko abe. 2a, 10:04
(Ulacia Saskibaloi Taldea)

97-65 galdu du asteburuan Ulacia saskibaloi taldeak, Arrasaten. Hemen dago irakurgai taldeak egindako partidaren kronika.

Ulacia Zarauzko saskibaloi taldeak Arrasaten jokatu du, Mondragon Unibertsitatea taldearen aurka, EBA ligaren 10. jardunaldiko partida. Ezin izan du garaipena ekarri etxera, 97-65 izan baita  markagailuak partidaren amaieran erakutsi duen emaitza.


Hasiera-hasieratik gailendu zaio Arrasateko taldea Zarauzkoari, eta Ulaciak ez du, gainera, laurden bakar bat irabazterik izan. Defentsak gailendu dira partiduaren lehen laurdenean, eta 19-11 izan da laurden horren azken emaitza. Partidak beste muturrera jo du bigarren laurdenean, eta erasoak nabarmendu dira jokoan, 34 puntu sartu baititu laurden horretan etxeko taldeak, eta 29 bisitariak, Ulaciak.
Hamahiru puntuko desabantailaz iritsi da Zarauzko taldea atsedenaldi luzera, eta partida nahiko zaila izanik ere, bazuen oraindik borrokatzeko aukera, hurrengo bi laurdenetan egoera irauliz gero.
Ez da, ordea, horrelakorik gertatu. Ulaciak defentsa estutu du hirugarren laurdenean, 15 puntu bakarrik onartuta bere saskian, baina kamuts aritu da erasoan, 9 puntu sartuta. 


Azken laurdenean, errotazioan jokalari bat gutxiago izateak eragin dion nekeak eta errebotea ixteko zailtasunek kaltetuta, Arrasateko taldeak nabarmen handitu du aurreko hiru laurdenetan pilatu duen aldea.
Lehendabiziko 10 jardunaldiak jokatu ondoren, 10. postuan da Ulacia taldea, irabazitako bost partiduren eta galdutako lau partiduren markarekin. Beste hogei jardunaldi ditu aurretik, eta gogor jarraitu beharko du aurrerantzean ere mailari eusteko helburua erdiesteko.