Garabi zerbitzua indartuko dute, aparkalekuen erabilera hobetzeko

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 4a, 18:31
Iban San Martin eta iKer Basurko zinegotziak, garabi baten ondoan. (Zarauzko Udala)

Era berean, herriko mugikortasun arazoak hobetzeko ikerketa bat egiteko asmoa du Zarauzko Udalak.

Zarauzko Udalak garabi zerbitzua indartuko du ibilgailu berri batekin. Gertek enpresak kudeatuko du zerbitzua, Udaltzaingoaren laguntzarekin, eta TAO zerbitzu kontratu berriaren barruan jasotzen da. Abenduaren 9an hasiko da lanean, eta baimenik gabe egoiliarren guneetan aparkatzen dituzten autoei isunak jartzeaz gain, bertatik kentzeko helburua izango du.

"Ibilgailu honen lana garrantzitsua izango da aparkalekuen erabilera hobetzeko", adierazi du Iker Basurkok Mugikortasun zinegotziak. Udal Gobernutik mugikortasunari garrantzi handia eman nahi diotela gaineratu du, eta zerbitzu honetaz gain, beste batzuk martxan jarriko dituztela mugikortasuna hobetzeko asmoz.

Horren haritik, eta hurrengo urratsak eman aurretik, lehen ikerketa bat eskatu dute herriak duen egoera zehazki ezagutzeko. “Zertan hobetu behar den nahiko argi badaukagu ere, ikerketak datu interesgarriak eskainiko dizkigu. TAO zerbitzua hobetzen jarraitu behar dugu, Alde Zaharrera sartzeko kontrola ere bai eta aparkaleku berriak egiteko aukerak ere aztertu nahi ditugu. Autokarabana eta furgoneta batzuek herrian kanpatzen dute eta arazo honi konponbidea bilatu behar diogu. Mugikortasun aldetik aurrera pauso handia emango dugula argi daukat”, zehaztu du Basurkok.