Abenduaren 11n hasiko dira banatzen 2020ko udal egutegia

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 5a, 08:30

Aurten ere, Zarauzko Argazkizale Elkartearekin elkarlanean landu dute 2020ko udal egutegia, eta egindako lana aurkezteko ekitaldia egin zuten atzo arratsaldean udalbatzar aretoan, argazkilari parte hartzaile guztiekin.

"Urtero esaten dugu ezin hobeak direla argazkiak, egutegia zoragarria geratu dela, baina aurten, egia esan, asko kostatu zaigu aukeraketa egitea", nabarmendu du Xabier Txurruka alkateak. "Beti saiatzen gara argazki eta argazkilari ezberdinak aukeratzen, eta garaiarekin zerikusia duten irudiak hautatzen. Egutegikoek sekulako kalitatea dute, eta oso gustura gaude emaitzarekin", gaineratu du.

Guztira, hamalau argazkilariren argazki bana jasotzen du egutegiak: hilabete bakoitzeko bat, eta azaleko eta kontrazaleko beste bana. Honako argazkilari hauek hartu dute parte egutegian: Ramon Serras, Celina Gorostizagoiza, Omar Ulazia, Edurne Kaperotxipi, Patricia Schoan, Iñigo Rico, Javier Carballo, Lorentxo Portularrume, Unai Aizpurua, Luis Epelde, Pedro Juan Agirrezabal, Rodolfo J. Glass, Ramon Garcia eta Cristina Pedrosa.

Egutegiak jada prest dituzte eta datorren astean, abenduren 11tik aurrera, hasiko dira banatzen ondorengo tokietan: Herritarren Arreta Zerbitzuan, Aritzbatalde kiroldegian eta Sanz Enea liburutegian. Aurten, gainera, ale gehiago atera dituzte, iaz berehala ahitu zirelako. Hori horrela, mahai gaineko 1.000 egutegi kaleratuko dituzte (hauek Herritarren Arreta Zerbitzuan bakarrik eskuratu ahal izango dira) eta 3.500 egutegi handi.