Partekatzeko tenorea DA!

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 5a, 10:41

Urtero bezala, mundu bat bilduko du Durangoko Azokak; euskal kulturaren eta sorkuntzaren esparruko egileak eta zaleak. Aurten ere ez da faltako Zarauzko ordezkaririk.

Euskal sortzaileen eta kulturzaleen topagunea prest dago. Gaur goizean zabalduko ditu ateak Landako guneak, eta gisa horretan emango diote hasiera DA! Durangoko Azokaren 54. edizioari. Lau egunez, abenduaren 8a bitartean, bertaratzen direnek 200 ekitaldiz osatutako egitarauaz gozatu ahal izango dute azokako zazpi guneetan: Areto Nagusian, Kabi@n, Saguganbaran, Plateruenean, Ahotsenean, Irudienean eta Szenatokian, alegia. Landako gunean 264 erakusleiho izango dituzte, 405 berrikuntzarekin: 273 liburu, 91 disko, hamasei aldizkari eta abar. Azoka egun osoan egongo da zabalik, 10:30etik 20:00ak arte.

Ekitaldi eta berrikuntza horien guztien artean Urola Kostako sortzaileak izango dira beren azken lanak aurkezten, baita antolatu dituzten mahai inguruetan edota erakusleihoetan sinatzen ere.

Dokumentalaren haritik

Larunbaterako ekitaldi berezia antolatuko dute, esaterako, Irudienean. Apaiz-kartzela dokumentalaren work in progress saioa egingo dute 12:30ean; hau da, filmaren irudiak ikusi ahalko dira, baina ez da behin betiko bertsioa izango. David Pallaresekin eta Ritxi Lizartzarekin batera, Aian bizi den Oier Aranzabal da dokumentalaren zuzendaria, eta Zamorako (Espainia) apaiz-kartzelan egondako apaizen istorioa eta lekukotzak jaso dituzte. Aranzabalekin eta Lizartzarekin batera, Xabier Amurizak, Josu Naberanek eta Juan Mari Zulaikak parte hartuko dute aurkezpenean. Sartzeko gonbidapena behar da, eta gaurtik aurrera jaso daitezke Irudienean. Espetxe horretan preso egon zirenak omenduko dituzte ekitaldian.

Egitaraua

Gaur, osteguna
11:00. Xabier Zabala eta Andoni Egañaren Enkarguz tailerra, Ahotsenean.
13:30. Iosu Txapartegi eta Fito Rodriguezen Eskola publikoa ez da Euskal Herrian behar dugun eskola publikoa liburuaren aurkezpena, Areto Nagusian.
14:00. Zut aldizkari digitalaren aurkezpena eta Ixa websaila, Kabi@n.
16:20. Oreka TXren Koklea lanaren aurkezpena Ahotsenean. Tartean da Mikel Ugarte.

Bihar, ostirala
Egun osoan zehar. Gamer Eguna. Goizean, 2019an itzuliak izan diren jolasen aurkezpena, eta arratsaldean, jokoak probatzeko aukera. Sustatzaileen artean da Urtzi Odriozola zarauztarra.
10:30. AtopiaRPG taldearen aurkezpen fikzionatua, Areto Nagusian. Sustatzaileen artean da Galder Gonzalez.
13:00. Samara Velteren Nik sinesten dizut lanaren aurkezpena, Areto Nagusian.
17:00. Steam esperimentuak haurrentzat liburuaren aurkezpena, Ana Galarragak, Saguganbaran.
19:00. Lou. Dantzan jo ta ke, oinak lehertu nahian dokumentalaren emanaldia, Izotz Barrio, Usua Garin eta Andrea Lopetegiren eskutik, Irudienean.

Etzi, larunbata
12:30. Oier Aranzabalen Apaiz-kartzela ikus-entzunezkoaren aurrerapena,
Irudienean.
13:00. Nerea Loiolaren Azken lanhütarra lanaren aurkezpena, Saguganbaran.
13:30. Anjel Lertxundiren Itzuliz usu begiak lanaren aurkezpena, Ahotsenean.
15:40. Sergio Ruiz Sergen Enarak itzuli dira lanaren zuzenekoa, Ahotsenean.
16:30. AtopiaRPG-Rolcast (zuzeneko rol partida+podcast) Kabi@n. Sustatzaileen artean da Galder Gonzalez.
17:00. Imanol Epelderen 27zapata blogeko bideoen antologia, Irudienean.
18:00. Martin Etxeberria, Xabier Etxeberria eta Aritz Truebaren Buyan komikiaren aurkezpena, Ahotsenean.

Abenduak 8, igandea
18:00. Lo potoloren aurkezpena Saguganbaran, tartean Anjel Lertxundi, Mitxel Murua eta Uxue Alberdi.