Batzuek jakingo duzuenez, aurtengo Gipuzkoako honekin, bukatu ditut nire txapelketetako ibiliak. Atzera begira, joan den mendean hasi nintzen (zein zaharra naizen!), 1998ko Gipuzkoako Herriarteko Txapelketarekin, epaile lanak eginez; eta ondoren, bertsolari moduan, hainbat txapelketatan parte hartu dut. Baditut neure buruari egindako hainbat galdera, ez dut oraindik haientzat erantzunik topatu, eta hemen idaztera noa. Ea norbaitek erantzunik baduen, pozik jasoko ditut-eta zuen iritziak. Jakin, baina, bi kontu. Batetik, filosofiaren oinarria galdera egokia egitea dela, eta zuek ere zuen galderak egin ditzakezuela. Eta, bestetik, arrazoiaren paradoxa: denok zatitxo bat izan, eta osoa dugula uste dugu.
Denok onartzen badugu txapelketa ez dela bertsolaritzaren eredu naturala, zergatik ematen diogu hainbesteko garrantzia txapelketari?
Denok baldin badakigu bertsolaritza zenbaki bihurtzea ia ezinezko dela, zergatik ematen diogu hainbesteko pisua txapelketaren sailkapenari, eta ez entzun dugunari?
Zergatik zigortzen da hainbeste akatsa, eta gutxiago saritzen ideia jeniala?