Zubian eguraldi ona... igandera arte

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 6a, 09:02
(Euskalmet.euskadi.eus)

Euskalmet Euskal Metereologia Agentziaren arabera, ateri igaroko da eguna gaur eta bihar. Gaur tenperaturak igo egingo dira, eta bihar bere horretan mantendu. Iganderako, baina txarra dator.

Herritar askok eta askok jai izango dituzte abenduaren 6a, 7a eta 8a. Oraingoan, badirudi eguraldiak lagundu egingo duela aisiaz kalean gozatzeko. Izan ere, Euskalmet Euskal Metereologia Agentziaren arabera, ateri igaroko da eguna gaur eta bihar. Gainera, hego ukituko haizeari esker, tenperaturek gora egingo dute, eta gaur, ostirala,  5 eta 14 gradu artean ibiliko dira.

Larunbatean ere antzeko tenperaturak izango ditugu: 7 eta 14 gradu artekoak, hain zuzen ere. Hodeiak ugaritu egingo dira, baina biharkoan ere ateri eutsiko dio.

Igandean dator aldaketa. Fronte bat sartuko da, eta euria botako du. Giroa ere freskoagoa izango da. Goizean lainotuko du, eta egunaren erdiko orduetan euria egingo du. Zaparradak mendebaldetik sartuko dira, eta apurka-apurka denera zabalduko dira. Gauean atertzera egingo du berriz ere. Tenperaturak 8 eta 13 gradu artean ibiliko dira.

Zarautzen gelditu zara? Ikusi gure agendan egunotarako herrian dauden ekitaldiak.