"Mehatxu faxistaren aurrean, antolakuntza" zioen pankartaren atzean, dozenaka gazte elkartu da gaur 13:30ean Lege Zaharren enparantzan. Dandak eta Alde Hemendik taldeek goiz osorako egitaraua prestatuta zuten gaurko, eta bazkari batekin amaitu dute jardunaldia.
Elkarretaratzea ez beste ekintzak Putzuzulo gaztetxean egin dituzte. Aurrena, 10:00ak aldera, Etxebizitza sindikatua izeneko hitzaldia eduki dute bertaratu diren gazteek. Jarraian, Insurgentzia dokumentala ikusi dute, eta gero egin dute elkarretaratzea plazan.
Amaieran, antolatzaieen irakurketa entzun ahal izan da bozgorailuetatik:
"Garai nahasiak bizi ditugu. Azken hilabeteotan, egungo gizartearen baitako antagonismoak agerian uzten ari diren gertakari ugari ari dira ematen nazioartean zein gurean (Frantziako eta Espainiako Estatuen baitan zein Euskal Herrian bertan): Txilen, Bolivian edota Herrialde Katalanetan herri langilea jasaten ari den errepresioa edota gurean pizten ari diren borroka ezberdinak ditugu horren adibide.
Argi dugu kapitalak antolamendu soziala mantentzeko eta kontrol politikorako erabiltzen duen tresna dela errepresioa, faxismoa delarik kontrol horren espresio eta aginte forma gordinena. Ildo horretatik, antolamendu eta orden sozialaren aurpegi juridiko-politikoa den demokrazia liberalak (eta era berean, Espainiako Konstituzioak) ez dakar oinarrizko eskubide eta bizi-baldintzen berme errealik, are gutxiago krisi sozial eta politiko egoera batean. Egunerokoan bizi dugu errealitate hau gure azalean: adierazpen askatasunaren urraketa, euskal nazioren ukapena, emakume eta langile erailak, euskal preso politikoen aurkako jazarpena, bizi-baldintzen kaskartze orokorra...
Hori horrela, ezegonkortasun sozialak borrokarako grina eta klase kontzientzia hedatzeko aukera ematen duen eszenatoki bat sortzen du. Eszenatoki horretan kokatu behar dugu mehatxu faxista: Vox eta ultraeskuinaren gorakada, indar militarrak Zarautzen, estatuaren errepresioa... Horiek guztiak sortu daitekeen saiakera iraultzaile oro zanpatzeko mehatxuak besterik ez dira. Saiakera horiek aurrera egin ahala, edozein bide erabiltzeko prest daudela erakusten du, esaterako , Bolivian eman den estatu kolpe faxistak. Euskal Herrian ere ezaguna dugu estatu aparatuen errepresioa.
Horregatik, faxismoaren eta egunerokoan bizi dugun zapalkuntzaren arteko lotura argi izanik, ozen diogu: antolakuntza! Antolakuntzaz soilik lortuko dugu gure zapaldu egoera gainditzeko faxismoari aurre egiteko bitartekoak eta borrokak martxan jartzea".