DBHkoek Plaieroetan jokatzeko aukera izango dute

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 7a, 11:32

Astelehenean irekiko da 1. Play-eruak Hondartzako Futbol Txapelketarako izen-ematea. DBHko ikasleentzat antolatutako txapelketa da, eta abenduaren 28 eta 29ko asteburuan jokatuko da.

DBHko ikasleak zaharregiak dira haurren eskola arteko txapelketan parte hartzeko, eta gazteegiak helduen txapelketan jokatzeko. Hutsune horri amaiera jartze aldera, Plaieroetako antolakuntza taldeak deia zabaldu die adin tarte horretako ikasleei. Abenduaren 28 eta 29ko astebururako gazteen txapelketa antolatu dute, eta astelehen honetan irekiko da izena emateko aukera, abenduaren 15era bitartean.

Futbol-7 formatuan jokatuko dute eta nesken taldeek, mutilenek zein mistoek izango dute izena emateko aukera. Horrez gain, eskualdeko gainontzeko herrietako DBHko ikasleek ere parte hartzeko aukera izango dute. Aukera ezberdinak zabaldu dituzte izena emateko: ikastetxeetan kirol koordinatzaileen bitartez, antolakuntza@playeruak.eus helbidera idatziz edo ZKEren egoitzan izen-emate orria betez.

Txapelketaren egunean bertan jokalariek etxean dituzten eta erabiltzen ez dituzten jostailuak eraman beharko dituzte hondartzara. Bildutako jostailuak elkarte baten bitartez gehien behar duten haurrei bideratuko zaizkie, Gabonak direla aprobetxatuz. Horrez gain, jostailu-bilketa gune bat egongo dela jakinarazi dute, nahi duen orok jostailuak bertan utzi ditzan.