"Komunitate txiki bat gara eta guztiok ekoizten ditugun produktuak saltzen ditugu hemen"

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 8a, 13:37

Gaur amaituko da Erdi Aroko azoka. Gaur iluntze partera itxiko dituzte euren postuak ostegunetik igandera bitartean alde zaharrean jarri duten horiek. Aurtengoari agur esan aurretik, produktuen atzealdean egon diren bi kiderekin egon gara.

Azokako bi protagonista dakartzagu hona. Biak ala biak nafarrak: leitzarra bata, Nafarroako Piriniotako herri galdu batekoa bestea. Ez dira ohikoak Zarautzen, baina bai bestelako festa giro eta azokatan. Gustura aritu direla diote, jendearen erantzuna ona izan dela-eta.

Nafarroako Piriniotatik Zarautzera, komunitatetik jendartera

Euskara ez da askorik entzuten azokak berak dituen ehun salmenta toki ingurutan. Euskararako joera duten horietako bat da Musika Plazan bazter egiten dagoen postua. Osasunaren mesederako produktu ekologikoak dituzte, azalerako, ilerako zein eztarrirako.

Etortzen zareten lehen aldia da?

Bigarren urtez jarraian etorri gara.

Nondik zatozte?

Nafarroako Piriniotatik gatoz, urte luzez abandonatuta egon den herri batetik. Herria berrartu genuen eta komunitate bat osatu. 16 lagun bizi gara bertan, eta bakoitzak urtero zerbait ekoizten du. Hala, azokaz azoka ibiltzen gara.

Zer eskaintzen duzue?

Produktu ekologikoak dira guztiak. Osasuna zaintzeko produktuak saltzen ditugu, baina ez sendabelarrak eta horrelakorik. Azala hidratatzeko eta zaintzeko olioak, ozpinak eta ardoak ditugu, baita propoleoa ere negu garai hauetarako.

Zer erantzun eman du herriak?

Jende asko gerturatzen zaigu galdezka, interesatuta. Gertutasuna transmititzen dugula dirudi. Musika Plazan gaude eta jendea pasatzen da hemendik, ez dakit beste lekuetatik baino gehiago ala gutxiago, baina badabil jendea.

Taloak ezin falta

Salmenta postuak ez ezik, bazkaltzeko, afaltzeko edota meriendatzeko aukera anitzak eskaintzen ditu Erdi Aroko Azokak. Urteroko legez jantokian afaltzeko lekuan, aurten Dia supermerkatuaren aurreko aparkalekuan, badago zer eskatu jateko. Taloak dira horietako aukera nagusi bat.

Umoretsu dabil lanean kasik 10 lagunek osatutako kuadrilla. Taloak egiteko ohitura faltarik ez dirudi falta denik.

Lehen aldia da Zarautzen?

Bai. Azokaz azoka eta festaz festa aritzen gara, leku asko pasa izan ditugu, baina lehen aldia da Erdi Aroko Azoka honetara etortzen garela.

Nondik zatozte?

Leitzatik.

Taloak egin eta egin zabiltzate, jendeak erosten duen seinale.

Zortzi lagun gaude hemen, denok ari gara lanean, baina ez gabiltza soberan egiten. Giroa nahiko lasai dago. Badabil jendea, ez gutxi, baina lehen urtea zenez ez genekien zer espero. Toki askotan egon izan gara, askoz ere jende gehiago ibiltzen den lekuetan: Lesakako San Ferminetan eta Tolosako Inauterietan, adibidez.