Bizimoduaren martxak

Erabiltzailearen aurpegia Felix Zubia 2019ko abe. 10a, 14:23

Bizi balitz, gure Amona Anttonik 100 urte izango zituen. Elkanon jaioa, Gerra Zibila eta ondorengo miseria ezagutu zituen, baina baita aurrekoak ere, 9 urterekin neskame joan behar izan zuelako. Harraskara iristen ez, eta koska bat jarri omen zioten platerak garbi zitzan. Bere belaunaldiko ia gehienek bezala, eskolara joateko aukera gutxi, eta lana eta beharra izan zituen ikasbide, baina beti aurrera eginez, denontzat adibide izanda.

Orain daukagun bizimodua ikusita, pentsa zenbat aldatu diren kontuak 80 urtean. Haur guztiek dute eskolaratzeko aukera, eta egoera txarrenetan jarrita ere, ez dugu orduko behar eta goserik imajinatu ere egiten. Babestu beharraren beharraz, gure umeek etxeko ontziak ere ez dituzte garbitzen 10 urterekin!

Denak hobera egin duela dirudienean, bada kontrakoa pentsarazten diguten daturik. Europan dugun Osasun Publikoko arazo handiena suizidioa da, eta trafiko istripuetan baino bi aldiz gehiago dira bere buruaz beste eginda hildakoak. 51 pertsona hil ziren modu honetan iaz Gipuzkoan, astean bat. Eta hiltzen den bakoitzeko 20 saiakera izaten omen dira, 1000 saiakera inguru urtean gure probintzian.

Eta hau da sortu zaidan galdera. Gure aitona-amonak baino hobeto bizi al gara? Behar eta premia gutxiago bai, baina ez al zaigu bizimodua zaildu? Haiek behintzat, lan asko eta kexa gutxi eginez, bidea non zuten bazekiten. Orain berriz, etsai berriak sortu zaizkigu: presa eta estresa, kontsumoa... Ona eta txarraren arteko mugak lausotuta, askotan iparra galdu dugula iruditzen zait. Denak behar du orain, klik batean, eskura. Eta bitartean, garrantzitsua dena ezkutuan, atzean. Gure burua nahasteraino.