Berritu dute Suhiltzaileen parke ondoko geltokia

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 11a, 08:30
Hiru markesina gehitu dituzte geltokian. (Zarauzko Udala)

Besteak beste, sarrera bat gehitu dute eta hiru markesina jarri dituzte, "bidaiarien segurtasuna hobetzeko".

Zarauzko Udal brigadak amaitu ditu Zubiaurre Zahar geltokia, Suhiltzaileen parke aurrekoa, hobetzeko lanak.

Udalak geltokian beste sarrera bat egitea erabaki zuen trafikoa arindu asmoz, izan ere, ohartu ziren Lurraldebusen autobusak eta herriko hiribusak geltoki berean gelditzen zirenean arazoak sortzen zirela.

Amaitu berri den obrarekin, lineako autobusaren geltokia metro batzuk mugitu dute eta errei bat gorde da geldiuneak errazteko. Hiru markesina jarri dira, hiribusentzat bat eta Lurraldebusarentzat bi. Orain arte markesina bakarra zegoenez, eguraldi txarra egiten zuen egunetan bidaiari guztientzat tokirik ez zen izaten.

"Obra honekin, trafikoaren eta bidaiarien segurtasuna hobetu da, egunero 50 autobus baino gehiago igarotzen baitira geltoki horretatik", azaldu du Iker Basurko Mugikortasun zinegotziak. Era berean, Obra eta Zerbitzu Sailaren (Herrilan) lana eskertu nahi du Zarauzko Udal Gobernuak.