Buru nahaste larria dutenentzako bi etxebizitza bideratuko dituzte

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 11a, 09:38
Nahaste larria dutenentzat etxe Astigarragan. (Agifes)

2020aren erdialdean abian jartzeko asmoa du aldundiak. Bederatzi plaza izango dira guztira. Zaintzaileak izango dituzte erabiltzaileek etxean dauden bitartean.

Aldundiak abian jarri du buru nahaste larria duten pertsonentzako laguntzadun etxebizitza zerbitzua kontratatzeko espedientea. Guztira, hiru etxebizitza izango dira, hamabost plazarekin, eta horietatik bi Zarautzen kokatuko dira, bederatzi plazarekin; sei plazako beste etxebizitza Donostian paratuko dute. Kontratuak hiru urteko iraupena izango du, bost urtera luzatu daitekeena, eta datorren urtearen erdirako martxan izatea aurreikusi dute. Ekimenera bideratutako aurrekontua 1,5 miloi eurora (BEZ kanpo) iritsi daiteke, balizko luzapena barne hartzen bada. 

Gipuzkoako Diputazioko bozeramaile Eider Mendozak azaldu duenez, zerbitzu hau buru nahaste larria eta kronikoa duten pertsonei zuzenduta dago. Eskizofrenia, desoreka afektibo bipolarrak, ohiko desoreka depresiboak, desoreka paranoideak, bestelako psikosiak, nortasun desorekak… Etengabe gainbegiratzeko beharrik ez duten pertsonak dira, gizarteratze eta laneratze prozesuetan daude, eta etxebizitzatik kanpo egiten diren formakuntza ekintzetan eta garapen pertsonalekoetan parte hartzen dute.

«Astelehenetik ostiralera, pertsona hauek eguneko zentroan, enpleguan edo bestelako jardunetan izaten dira. Etxebizitzetan langile espezializatu, zaintzaile eta hezitzaileak izaten dituzte, gaitze prozesu horietan lagunduko dietenak», azaldu du Mendozak.

Gaur egun, Gipuzkoan 112 egoitza plaza daude buru nahaste larria duten pertsonentzako, eta, guztira, 104 etxebizitza plaza. Abenduaren 3an Diputatuen Kontseiluan onartu zituzten aipatu hiru etxebizitza berri horiek, beraz, 119ra igoko da buru nahaste larria duten pertsonentzako plaza kopurua.

Hiru etxebizitza berrietan arreta eredu bakarra eskainiko zaie erabiltzaileei, bizitza proiektu pertsonalizatuetarako errehabilitazio psikosoziala, laguntza eta gaitze eredua oinarri duena. Etxebizitzetan zaintzaileak egoten dira erabiltzaileak etxean dauden orduetan, eta zerbitzua egunero ematen zaie, erabiltzaileek dituzten lan edo bestelako jarduerei egokituta. Asteburu eta jaiegunetan, berriz, 24 ordukoa izaten da zerbitzua.


Integrazioa helburu

Komunitatean integratutako etxebizitza zerbitzua du oinarri egitasmo honek eta, gisa horretan, erabiltzaileei beraien bizitza proiektuen garapenerako aukerak ematea, dauden bizitzaren fasearekin bat datozenak. "Erabiltzaileen autonomia eta funtzionamendu maila hobetzeko egiten da lan, bai oinarrizko jardueretan bai bizitzaren eta gizartearen gainerako alorretan. Helburua da betiere pertsona horiek komunitatean integratzea, eta bazterkeriatik aldentzea", azaldu du bozeramaileak. 

Etxebizitzak zaintzen dituzten profesionalen bitartez hainbat alor nahiz programa landuko dituzte erabiltzaileek barkaka zein taldeka, beraien gaitasunak berreskuratzeko eta modu horretan beraien autonomia hobetzeko.