Haizeteak lehen kalteak sortu ditu errepideetan

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 13a, 08:42

Goizaldean itxita egon bada ere, zabalik dago orain N-634 errepidea Getaria eta Zumaia artean.

Alerta laranja dago emanda gaurko kostaldean, olatu handiengatik eta haizeteengatik. Goizeko 05:00etan izan da lehen itsasgora, eta kalte esanguratsurik eragin ez badu ere, kostako herrietako udaltzainek hainbat neurri hartu dituzte.

Getaria eta Zumaia arteko N-634 errepidea itxita egon da 08:15 aldera arte, eta oraingoz, zabalik dago berriz. Dena den, ertzaintzak ohartarazi du zuhaitzen erorketei eta luiziei adi egongo direla, horiek gertatzeko arriskua baitago.

Zarautzen, Getariarako bidean zuhaitz bat erori da errepidera. Horrek trafikoa apur bat galarazi badu ere, erretiratzen ari dira eta ez du aparteko arazorik sortu. Bestalde, udaltzainek adierazi dute goizaldean malekoia itxi dutela olatuek estali egiten zutelako, eta litekeena dela arratsaldean neurri bera hartzea. Izan ere, 17:12an igoko da gora marea arratsaldean, eta olaturik zakarrenak une horretarako daude iragarrita.