Gaur goiz osoan zehar, AbEnduaK San Tomas

Zarauzko Hitza 2019ko abe. 14a, 10:35
Txistorra izaten da San Tomas eguneko protagonista

AEK-k urtero antolatzen duen jaia 10:30ean hasiko da, Mintzodromoarekin. Hortik aurrera, talo eta edari postua, ipuin kontalaria, zuzeneko musika eta txistorra lehiaketaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.

Ohi bezala, santotomasak astebete aurreratuko ditu Zarauzko AEK-k, eta gaur egingo dute AbEnduaK San Tomas jaia. Aurten talo-postuaren ardura izango du euskal presoen sakabanaketaren gastuei aurre egiteko talde batek.

Lege Zaharren enparantzan 10:30ean hasiko da jaia, Mintzodromoarekin: jarduera irekia izango da, eta parte hartu nahi dutenek karpara agertu besterik ez dute.12:00etan, Leire Zinkunegi ipuin-kontalari oriotarrak eskainiko du saioa. Eta, 13:00etatik aurrera, Moebius musika taldearen emanaldia eta kantu-jira izango dira.

Azkenik, aurten ere Txistor Lehiaketa egingo dute eguerdi partean. Hala, Getaria, Zarautz eta Orio inguruko harategietako txistorrak  dastatu eta epaituko dituzte antolatzaileek. Irabazlearen izena ere momentuan jakingo da.