UKUEk 9,3 milioi euroko aurrekontua izango du 2020an

Atzo onartu zituen datorren urterako kontuak Urola Kostako Udal Elkarteak, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin.

Urola Kostako Udal Elkarteak (UKUE) onartu du 2020rako aurrekontua. 9.353.864,24 eurokoa da, hain zuzen ere, Aiako, Getariako, Orioko, Zarauzko eta Zumaiako zinegotziek atzo arratsaldean egindako batzar nagusian onartutako aurrekontua. EAJren eta PSE-EEren ordezkariek aldeko botoa eman zieten datorren urterako kontuei, eta EH Bildukoak abstenitu egin ziren.

Ingurumena eta hondakinak

Ingurumena eta hondakinen kudeaketa dira aurrekontuaren zatirik handiena (4.861.725,71 euro, aurrekontuaren %70) hartuko duen arloa, “hondakinen bilketa, tratamendua, eta zabortegiaren kudeaketa zerbitzuak” egiteko. “Herritarrei bideratutako sentsibilizazio ekimenetarako eta komunikazio plana garatzeko aurrekontuko-partida” ere nabarmendu du sail horren barruan UKUEk  (1.717.920,74 euro), GHKri hondakin organikoaren tratamenduagatik ordaindu beharreko kopuruarekin batera (1.717.920,74 euro hor ere).

“Izan ere, eskualdeko sailkatze tasa hobetzearen ondorioz, iaz bezala, %30eko hobaria izango dugu. Hondakinak biltzeko zerbitzuen finantzaketari dagokionez, hondakinen tasaren bidez 4.571.000 euro jasotzea aurreikusten da. Gainontzeko %30a kanpo finantzaketari dagokio”, azaldu  du mankomunitateak prentsa ohar bidez.

“Zabor bilketa zerbitzua hobetzea eta eskualdeko hondakinen sailkatze indizea %70 eta %75 bitartean kokatzea” da UKUEren helburua datorren urterako, eta hori lortzeko “giza-baliabideen arloa indartzea”. Era berean, helburu hori lortzeko, enpresen, merkatarien eta ostalaritzako ordezkarien ekarpenak jasotzeko mahaia sortuko duela aurreratu du udal elkarteak.

Garapen Agentzia eta zerbitzu orokorrak

2020ko aurrekontuaren %20a bideratuko du UKUEk Garapen Agentziara. 314,498,08 euro bideratuko ditu pertsona, laneratzea eta talentua atalera. Ekintzailetasuna eta enpresen lehiakortasuna hobetzera bideratutako egitasmoetarako 1.047.392,78 euro jarriko ditu udal elkarteak, eta horietatik 455.000,000 euro eskualdeko enpresa eta eragileei emango zaizkien dirulaguntzetarako izango dira. “Horrez gain, aipagarriak dira Zumaiako Soldadura Zentroko Oinarrizko Lanbide Heziketaren (268.000 euro) eta eskualdeko turismoaren sustapenerako atalak (212.829,03 euro)”, azaldu du udal elkarteak.

Euskara, komunikazioa eta administrazio orokorreko zerbitzuen ataletara bideratuko du UKUEren aurrekontuaren gainerako %10a. “Gipuzkoako Foru Aldundiarekin eta UEMArekin elkarlanean abiaraziko duen proiektu berritzailea” azpimarratu du udal elkarteak aurrekontuaren sail horretan, euskara “turismo estrategiaren erdigunean kokatuko” duena.