Lehengo lepotik zintzarria

Zarauzko hitza 2019ko abe. 21a, 10:38

Urteko gau magikoenetakoa izan ohi da atzokoa Putzuzulo gaztetxean, eta atzokoa ez zen gutxiagorako izan. Erakustaldi bikaina emanda, Maialen Lujanbiok irabazi du zintzarria, iaz bezala. Lehen aldiz, pertsona bera izan da irabazle bi urtez jarraian.

Goraino bete da Putzuzulo XIII. Kopla Txapelketan ere. Aurreikustekoa zen, sarrera guztiak ordu laurden eskasean ahitu baitziren duela hiru aste. Ohi bezala, lurrean jarrita jarraitu zuten saioa batzuk, aulkietan besteek eta zutik gehien-gehienek. Ezarritako ordutik ia pasa gabe, Usua Martinez eta Beñat Intxauspe aurkezpenak egiten hasi ziren, eta Eye of the tiger doinu ezagunak lagundurik, banaka igo ziren koplakariak oholtzara: Maddiane Txoperena, Sarai Robles, Unai Mendizabal, Asier Galarza, Ane Peñagarikano, Maialen Lujanbio, Gorka Maiz, Julen Zulaika, Agin Laburu eta Onintza Enbeita.

Lehenengo fasean hiruna ariketa izan zituzten bertsolariek: ofizioak, rolak eta libreko saioa. Aurkezleek astintzen zuten kanpaiak markatzen zuen ariketaren hasiera eta amaiera. Fase koloretsua izan zen eta, ofizioen ariketan batez ere,  ale ederrak utzi zituzten bertsolariek. Bat azpimarratzekotan, Agin Laburuk eta Maialen Lujanbiok bete-betean asmatu zuten ohe azpian zeuden bikoterik gabeko bi galtzerdiren paperetik kantatzean. 

Hiru ariketen ostean bigarren faserako galbahea igarotako bertsolariek soilik jarraitu zuten kantari. Hamarretik seik: Asier Galarza, Ane Peñagarikano, Maddiane Txoperena, Maialen Lujanbio, Agin Laburu eta Unai Mendizabalek. Bigarren faseko lehen ariketa korapilatsu samarra izan zen: bertsolariek errima, gaia eta doinua jarrita abestu behar zuten, saio osoan zehar oin berari eutsita, potorik egin gabe, noski. Bertsolariek sartutako atakatik ateratzeko xelebrekeriaren bat edo beste bota zuten, eta polit joan zen ariketa. Unai Mendizabalek, esaterako, -ina amaiera zuenez, haren etxean “ogi urdina” jaten zuela esan zuen kopla batean. Zizurkildarra gozatuz aritu zen atzokoan oholtza gainean, eta horrek bere fruituak eman zituen, Maialen Lujanbiorekin batera sailkatu baitzen buruz burukorako.

Hirugarren eta azken fasean, Lujanbiok eta Mendizabalek kartzelako ariketari erantzun zioten lehenengo. Joxe Ripiauren Presaka abestia izan zen gaia. Hernaniarrak Iñigo Muguruzari eskaini zizkion kopla guztiak, eta sorta hunkibera eta borobila ondu zuen. Mendizabalek presarekin, puntualtasunarekin eta ordulari kontuekin bota zituen banakako koplak, baina ez zen haren ariketarik onena izan. Azken ofizioaren ondoren eman zuten jakitera erabakia: aurtengo zintzarriduna da, Maialen Lujanbio! Ondo merezitako saria, atzo hernaniarrak josi zuen saioa ez baitzen nolanahikoa izan. Hala, XIV. Kopla Txapelketarako zuzeneko txartela du Lujanbiok.

Agurretan gorenera iritsi zen festa giroa. Putzuzulorentzat eta atzoko giroarentzat loreak eskaini zituzten bertsolari gehienek, baita Julen Zulaika zarauztarrak berak ere. Ane Peñagarikanok maila handia eman zuen saioan zehar eta, agurrean esan zuen “bertsolaritzarekin bakeak” egin zituela atzokoan. Zintzarridunak, gaztetxeari aipamena egiteaz gain, Iñigo Muguruza izan zuen ahotan agurrean ere. Horrela borobildu zuen saioa: Ta ametsen lapurrei azken harrika / libre nahi degu herria, libre karrika / bizi dadila luze Amets Fabrika.