Bankoa Credit-DV pilota txapelketako finalek hartu dute Aritzbatalde pilotalekua

Zarauzko hitza 2019ko abe. 22a, 16:51

Txapelketako finalak jokatu dituzte gaur hamar pilotarik Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Zale ugari gerturatu da, txapelketaren azken txanpa bertatik bertara ikustera. 

Gaur 11:00etatik aurrera jokatu dira Bankoa Credit-DV pilota txapelketako finalak, Zarauzko Aritzbatalde pilotalekuan. Harmailak bete dituzte zaleek, eta pilotariei zuzendutako pankartak ere jarri dituzte beren ingurukoek, animoak emanaz. Hamar pilotari aritu dira lehian, hiru partidatan. 

Txapelketak 28 urteko ibilbidea izan arren, iaz jokatu zen estrainakoz emakumezkoen lau terdiko banakakoa. Hala, aurrez aurre neurtu dira Leire Garai eta Amaia Aldai: bigarrena izan da garaile, markagailua 14-22 utzita. 

Bigarren partidan, aldiz, gizonezko promesak izan dira lehian; De La Fuente - Erkiaga eta Alberdi II-Morgaetxebarria, hain zuzen ere. Lehen partidako emaitza berebera errepikatu dute: Alberdi II.ak eta Morgaetxebarriak osatutako bikotea izan da irabazlea, De La Fuente eta Erkiaga mendean hartuta. 

Azken partida izan da luzeena. Lehia estua izan dute Mariezkurrena-Zubizarreta eta Elola-Uriondo gizonezko senior mailako finalistek. Azken unera arte itxaron behar izan dute zaleek txapelketa nork eskuratuko zuen jakin ahal izateko; Mariezkurrena eta Zubizarreta izan dira onenak, 22-21 eginda.