33 taldek hartuko dute parte I. Play-Eruak Txapelketan

Plaieroetako antolakuntzako kide Haimar Arozena, Xabier Uzin eta Aitor Iturralde.

Larunbat eta igande goiz-eguerdian jokatuko dituzte partidak; lehen egunean ligaxka eta bigarrenean kanporaketak.

Plaieroetako antolakuntza taldeak I. Play-eruak Hondartzako Futbol Txapelketa antolatu du asteburu honetarako, DBHko ikasleei zuzenduta. 12-16 urtekoen adin tartean zegoen hutsuneari erantzutera dator txapelketa; izan ere, "gaztetxo horiek ez zuten orain arte plaierotan jokatzeko aukerarik". Halaxe azaldu zuten antolakuntzako kideek astearte eguerdian ZKEko egoitzan eginiko aurkezpen ekitaldian.

Txapelketa antolatu aurretik, udaleko kirol teknikariari eta ikastetxe guztietako kirol koordinatzaileei azaldu zieten ideia, eta jasotako harrera ona ikusita, aurrera jarraitzea erabaki zuten. "Lehen pausoa adin tarte horretako ikasle guztiei inkesta bat helaraztea izan zen, non txapelketaren ezaugarriez galdetu genien. Beraiek nahi zuten moduko txapelketa antolatu nahi genuen, lehen unetik bertatik parte hartzaile sentitu zitezen", kontatu zuten. Inkestak ere harrera oso ona izan zuela nabarmendu zuten, 600dik gora ikaslek erantzun baitzuten. Informazio horrekin zehaztu dituzte asteburu honetako txapelketaren oinarriak.

Izen-emate epea abenduaren 15a bitartean egon da zabalik, eta guztira 33 taldek –350 gaztek baino gehiagok– eman du izena: mutilen 18 taldek, nesken 8 taldek eta 7 talde mistok. Alde horretatik, antolatzaileek eskerrak eman nahi izan zizkieten kirol koordinatzaileei, "berebiziko lana egin dute eta izen-ematea horren altua izan dadin lortzeko".

Txapelketaren dinamika

Txapelketa larunbata eta igandean jokatuko da: lehen egunean ligaxka moduan, eta bigarrenean, berriz, kanporaketa gisa. Talde guztiek jokatuko dute bi egunetan, inor ez baita lehen egunean kaleratu izango. Bi kategoria nagusi egongo dira, infantilak eta kadeteak, bai nesketan, bai mutiletan eta baita talde mistoetan. Talde bakoitza zazpi jokalariz osatuta egongo dira, eta nahi adina aldaketa egiteko aukera izango dute partidan zehar. Norgehiagokak 10 minutuko bi zati izango ditu. Berdinketarekin bukatuz gero, hiru penalti jaurtiko dituzte garailea erabakitzeko.

Larunbatean, 09:30ean izango da harrera ordua, Gurutze Gorriaren ondoko plaieroetako lokalaren kanpoaldean. Partidak 10:15ean hasiko direla aurreikusi dute antolatzaileek, eta 13:00ak aldera bukatu. Txapelketan parte hartu ahal izateko, talde guztiek jostailuak eman beharko dituzte: erabiltzen ez dituzten jostailuak, baina egoera onean daudenak.

Behin jostailu bilketarekin bukatuta, Gurutze Gorriaren bitartez behar gehien duten familiei bideratuko zaizkie, Gabonak direla aprobetxatuz. Edozein herritarrek izango du aukera larunbatean zein igandean nahi dituen jostailuak bertan uzteko. Ekarpen guztiak ongietorriak izango direla aditzera eman zuten.

Azkenik, antolatzaileek azaldu zuten txapelketaren eremuan gune ezberdinak egongo direla: sariak erakusgai egongo diren postua, jokalarientzat freskagarriak eta txokolate beroa banatzeko gunea, jostailuak biltzeko gunea...Arraio irratiko kideek txapelketa bozgorailutik emango dute, giroa jarriz.