Urteari agur, hankei eraginez

Aritz Mutiozabal 2019ko abe. 31a, 19:39
Hainbat lagun atera da korrika San silbestre lasterketan. (Aritz Mutiozabal)

Urtea amaitzeko hainbat modu dago, eta horietako bat izaten da San Silbestre lasterketan parte hartzea. Herritarrek ez diote hutsik egin aurten ere Antoniano Kirol Elkarteak antolatzen duen hitzorduari.

Lehenik eta behin, haurren txanda izan da. Herriguneari itzuli bat eman diote, bakoitza bere martxan, korrika saioaz gozatuz. Azkarrenak Manex Madariaga eta Yenai Urdanpilleta izan dira, eta lehen sailkatuek bai nesketan bai mutiletan gozoki sorta bat jaso dute opari gisa.

Jarraian, irristatzaileen proba izan da. Hauek lagunartean atera dira, lehia orotatik kanpo, probako 4 kilometroak osatzera. Parte hartzaile asko, gainera, mozorrotuta irten dira patinen gainean, festa giroan murgilduta.

Lasterketa nagusia 18:00etan hasi da, eta faboritoak lehen lerroan jarri dira irteera gunean. Suziria jaurti eta hantxe atera dira 530 lagun inguru arrapaladan; batzuk sarien bila eta beste batzuk ongi pasatzera, mozorro, ileordeko eta halakoekin.

Azkenean, gizonezkoen lehen hiru postuak Oriora joan dira: Kamel Ziani izan da garaile, Hossain Kaanache bigarren eta Jokin Bellido hirugarren. Emakumezkoetan, Alaitz Oruesagasti azkoitiarrak irabazi du aurten, eta Zarauzko bizilagun Nerea Amilibia aiarra izan da bigarren; hirugarren postua Garazi Zabaleta zarauztarrarentzat izan da.