Berezia izan zen astearte arratsaldea herri kirol zaleentzat. Urtea amaitzeko, hainbat txapelketatako finalak izan ziren Asteasuko Usarrabi pilotalekuan: Urrezko Aizkolari Kopako finala, Gabonetako Harri-jasotzaileen Txapelketako finala eta emakumezkoen Gabonetako Ingude Txapelketako finala.
Harri-jasotzaileen artean Mikel Lopetegi Urra zarauztarrak egin zuen lanik onena. 100 kiloko zilindro zaharra, 100 kiloko kubikoa eta 100 kiloko bola jaso zituzten, hiru minutuko txandatan. Urrarekin batera, Imanol Albizuk eta Beñat Telleriak hartu zuten parte txapelketan. 100 kiloko zilindroan ia pareko lanak egin zituzten Telleriak eta Urrak: 38 jasoaldi egin zituen lehenak, eta 39 bigarrenak. Urrak 100 kiloko kubikoan lortu zuen alderik handiena ateratzea. Albizuk 19 aldiz altxatu zuen bigarren harria, 21 aldiz Telleriak, eta 27 aldiz Urrak. Hala, 100 kiloko bolari Telleriak baino altxaldi bat gutxiago eman bazion ere (28 Telleriak eta 27 Urrak), sei jasoaldiko aldeagatik irabazi zuen zarauztarrak txapelketa. Guztira, 93 jasoaldi egin zituen Urrak, 87 Telleriak eta 75 Albizuk.
Aizkora eta ingudea
Urrezko Aizkolarien Kopako finala ere jokatu zuten Asteasun, Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarrak, Mikel Larrañaga azpeitiarrak eta Eneko Otaño beizamarrak. Larrañaga sailkapenaren buruan izan zen hasieratik, eta hark jantzi zuen txapela hirugarren urtez. Aizkolariek hamasei kanaerdiko moztu behar izan zituzten Urrezko Aizkolarien Kopako finalean, eta Alberdik 34 minutu eta erdi behar izan zituen lanak amaitzeko; probak aurrera egin ahala, handiagoa zen Larrañagak beste aizkolariei ateratzen zien aldea, eta txapela berretsi zuen azpeitiarrak. Alberdik, berriz, Larrañagak baino hiru minutu gehiago behar izan zituen hamasei kanaerdiko ebakitzeko; hark 37 minututan eta 53 segundotan amaitu zuen proba. Otaño beizamarrak, berriz, 38 minututan eta segundo batean bukatu zuen proba.
Ingude txapelketari dagokionez, Virginia Finol izan zen minutu eta erdian 10 kiloko ingudeari jasoaldi gehien egin zizkion kirolaria. 97 altxaldi egin zituen Finolek, eta oso gutxigatik bigarren geratu zen Maika Aristegi, 96 jasoaldirekin. Karmele Gisasola izan zen hirugarren, ezarritako denboran 94 jasoaldi eginda.
Argazkiak: Ibon Errazu