Lana, ilusioa eta magia apur bat

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urt. 7a, 08:30
Dotore jantzita, hiru taldetan banatzen dira Errege Magoak etxez etxe aritzeko. (Utzitakoa)

Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek eskura ematen dizkiete opariak urtarrilaren 5eko gauean Zarauzko hainbat haurri. Aurten ere fin aritu dira Hiru Erregeak etxez etxeko jardunean. 

Magikoa izan ohi da urtarrilaren 5etik 6rako gaua.  Errege Magoek etxe gehienetan uzten  dituzte opariak zuhaitz azpian, eta Zarautzen, etxe batzuetakoak dira bereziki zortedunak; Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek bertako haurrak esnatu eta eskura ematen dizkiete opariak.  Duela 30 urte baino gehiago hasi ziren horretan hainbat zarauztar; hasieran, ezgaitasun edo gaixotasunen batengatik Erregeen kabalkadara joan ezin zuten umeengana joaten ziren, baina pixkanaka,  etxe gehiagotara ere iristen hasi ziren. HITZAk Erregeekin egoteko aukera izan du, beraien bizipenak gertuagotik ezagutzeko. 

Urtarrilaren 5ean, bapo afaldu ondoren, 23:00 aldera hasten dute etxez etxeko jarduna. Eskaileretatik igotzen dira etxeetara, batzuetan kantuan, besteetan isilik. Umeak goxo-goxo esnatu eta opari bat ematen diete. Gainontzekoak, ohiko lekuan uzten dituzte: zuhaitzaren azpian, dagokion zapataren ondoan. "Ondoren alde egiten dugu, eta gurasoen esku uzten dugu umeak berriro lo hartzea", azaldu du Baltasarrek (Xabier Alberdi). Zenbait gurasok nahiago izaten dute umea beraiek esnatzea, izan dezakeen erreakzioagatik. "Gutxitan gertatzen da, baina haur batzuk petraldu egiten dira gu ikustean".

Erregeek diote alde handia dagoela bisita gauaren hasieran edo beranduago egitearen artean, litekeena delako umea oraindik esna topatzea. Kasuak kasu, liluraturik uzten dituzte ia beti haurrak, parean Meltxor, Gaspar eta Baltasar dituztela esnatzen baitira. Urtez urte esperientziak pilatuz joan dira, eta une batzuk bereziki gogoratzen dituzte. Esaterako, gogoan dute nola urte batean Magia Borras jolasa oparitu zioten ume bati eta hark, unean bertan, hitza eman zien hurrengo urterako trikimailuren bat prestatuko zuela. Hitza betez, hurrengo urtean Errege Magoei erakutsi zien haurrak berak ere bazekiela magia egiten.

Tradizioa du ardatz gau berezi horrek, eta erregeek ere badituzte beren ohiturak. Zenbait etxetan familiekin geratzen dira mokadutxo bat hartzeko, eta batzuetan beraien bisita espero ez duten etxeetara ere sartzen dira, ezustekoa emanez. 


Mago eta hezitzaile


Normalean ilusioa eta poza banatzen  dituzte erregeek, baina hala behar denean, ikatza ere eramaten izan diete zenbait haurri. Magoak direnez, badakite urtean zehar zer jarrera izan duten, eta batzuetan haurrei hobetoxeago portatu behar dutela esan behar izaten diete. Horrez gain, ohitura bihurtu zen garai batean haurrak txupetea erabiltzeari utz ziezaion Errege Magoei ematea, eta dagoeneko hainbat dituzte jasota.

Familia eta lagunarteko kontu baten gisa hasi zenak berehala hartu zuen oihartzuna, eta urte gutxiren buruan, Zarauzko 100 etxe ingurutako haurrak esnatzen zituzten erregeek. Azken urteetan, ordea, apur bat jaitsi da kopurua; orain 50-60 etxetako umeak bisitatzen dituzte. Erregeen gidariak (Ibai Ituarte) uste du guraso gazteek ez dutela nahi izaten umea gauaren erdian esnatzea, eta horregatik gutxitu direla beraien bisitak.


Borondateari tiraka


Jendeak eskupekoa edo opariren bat eman ohi badie ere, boluntario aritzen dira urtez urte Erregeak Zarauzko haurrak liluratzen. Ituartek 30 urte daramatza dagoeneko, eta oraingo lantaldearekin gustura dago. Hiru taldetan banatzen dira etxe guztietara iritsi ahal izateko. Bakoitzean Hiru Erregeez gain, laguntzailea eta gidaria ibili ohi dira herriko kaleetan zehar. Orain aritzen den taldea egonkortuta badago ere, Ituarteren  ustez "zaila" da boluntario lana mantentzen. "Jendea animatzen da pare bat edo hiru urterako, baina jarraipena ematea ez da erraza". 

Prestaketa lanak eskatzen ditu ekimenak. Erregeen jantziak egin edo lortu egin behar dira, gordetzeko leku egokia behar da eta azpiegitura guztia prestatu behar da guztia ondo atera dadin. 

Etxekoekin duten loturak bultzatzen ditu Ituarte eta Alberdi urtez urte ekimenarekin jarraitzera. "Hau nire etxekoek sortu zuten,  eta nire sentitzen dut. Pena bakarra daukat, ni ez nautela inoiz Erregeek esnatu, prestaketa lanak ezagutu ditudalako etxean", azaldu du Ituartek. Alberdi haurra zela joaten zitzaizkion Erregeak bisitan, eta bera ere etxekoen ohiturari segituz bihurtu zen Baltasar. Biek ala biek pozik bisitatzen dituzte haurrak; garbi dute tradizio "polita" dela eta mantendu nahi dutela aurrerantzean ere.


Anekdota bilduma


Horrenbeste urtean ehunka dira erregeek bisitatu dituzten Zarauzko etxeak. Bizipenak pilatzen doaz urtez urte, eta gehienak gozoak izanagatik, bestelakoak ere bizi izan dituzte. Ituarteri aurpegira bota izan dizkiote haurrari emandako gozokiak, esaterako. Beste urte batean Ertzaintza jarraika izan zuten denbora luzez, eta harrezkero abisua pasatzen diete, jakin dezaten Hiru Erregeak direla, ez dabiltzala lapurretan etxez etxe. Gidari lanetan ari zenari alkoholemia proba egitea ere egokitu izan zaio noiz edo noiz, eta pare bat aldiz geratu dira igogailuan harrapatuta.

Irribarre batekin oroitzen dituzte uneok, eta gogotsu daude aurrerantzean momentuak pilatzen jarraitzeko .