Nerea Loiola: "Badirudi txikientzat idaztea sinpleagoa dela, baina hori ez da horrela"

Amaia Urbieta Arruti 2020ko urt. 10a, 08:30
Nerea Loiola idazlea.

Haurrei zuzendutako bigarren liburua argitaratu zuen udazkenean Nerea Loiolak (Deba, 1985). Gaur aurkeztuko du Garoan ‘Azken lanhütarra’, Uxue Alberdirekin batera, 19:00etan.

Nortzuk dira lanhütarrak?
Lanhütarrak hodei gidariak dira. Hodeietan bizi dira, eta nahiz eta guri erakutsi diguten urak ziklo bat duela eta euria prozesu natural baten bitartez gertatzen dela, gezurra da hori guztia. Gertatzen dena da lanhütarrak daudela hodeietan eta beraiek arduratzen direla ura hartzeaz urmael eta itsasoetatik; beraiek arduratzen dira ur hori edo laino horiek behar den lekura eramateaz eta euria sortzeaz.

Zein adinetarako umeei gomendatuko zenieke liburua?
Adinekin dilema moduko bat izan ohi dut beti. Argitaletxeek beti kokatzen dituzte adin tarte batean liburuak, ondo iruditzen zait, baina niretzat ume bakoitzaren gaitasun literarioaren araberakoa da hori. Ez dira gauza bera oso ondo irakurtzen duen zortzi urteko ume bat edo batere gustatzen ez zaion hamaikako bat, edo irakurtzeko zailtasunak dituen hamaikako bat. Ereinek 10-13 urteko umeentzako zuzendu du, baina nik idatzi nuenean zortzi urteko semeari zuzenduta egin nuen. Berak irakurtzen zuen apur bat, baina gehien nik irakurtzen nion.

Zure bigarren haur literatur lana da. Alde handia nabaritu al duzu sortze prozesuan lehenengotik bigarrenera?
Bai. Hasteko, bestea, Harri bat poltsikoan, txikiagoei bideratutako zerbait zen; istorioa askoz linealagoa zen. Pertsonaia bakarra zegoela esan daiteke, eta Azken lanhütarra istorio konplexuagoa da, pertsonaia gehiago daude, eszenatoki gehiago daude... Nik egiten dudana da etortzen zaidan istorio hori idatzi etortzen zaidan bezala, eta gero atalak bereizten ditut eta atalka jarraitzen dut lanketa hori egiten. Harri bat poltsikoan errazagoa eta zuzenagoa izan zen, hau beste lanketa batekin egin dut. 

Konplikatuagoa al da nagusiagoentzat idaztea?
Ez dakit konplikazioa den hitza. Askotan ematen du txikientzako idaztea sinpleagoa dela, baina ez da hala. Erabili behar duzu hizkuntza soilago bat, haurrei zuzendua dagoelako, beraiek ulertzeko. Baina konplexutasun handia dago; zuk nahi duzun hori hitz gutxiagotan irakurle txiki horri iritsi ahal izatea konplexua da. Ume horiek nonbaitera eraman nahi badituzu, oso zaila da; batzuetan, helduen literatura baino are zailagoa izan daitekeela iruditzen zait. 

Garoa liburu dendan izango duzu aurkezpena gaur. Urduri al zaude? 
Apur bat bai. Idazten oso gustura aritzen naiz, nire irakurleen feedbackak oso gustura jasotzen ditut, baina jendaurreko ekitaldietan lotsa handia pasatzen dut; hasiera batean ez naiz eroso sentitzen, nahiz eta behin hasitakoan agian erosoago sentitu. Baina, tira, Durangoko Saguganbaran ere aurkeztu nuen eta oso sentsazio onarekin geratu nintzen. Niretzat oso polita da horren gustagarria zaidan zerbait erakustea.


Sortzen jarraitzeko asmoa al duzu?
Bai. Eszedentzian nago ume txiki bat dugulako, eta pare bat proiekturekin nabil. Alde batetik, Azken lanhütarraren bigarren atala dut esku artean eta, bestalde, helduentzako ipuin liburu bat ere ari naiz idazten, Eusko Jaurlaritzak emandako sormen beka bati esker.

Erlazionatuak