Udalak abian jarri du Imanol Urbietaren kantu bilduma sailkatzeko beka

Zarauzko Hitza 2020ko urt. 10a, 10:16
Imanol Urbieta haurrekin kantuan. (Utzitakoa)

Abenduko udalbatzarrean aho batez onartu zituzten bekaren deialdia eta oinarriak, eta aurki argitaratuko dituzte Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean. 6.000 euro jasoko ditu onuradunak.

Zarauzko Udalak Imanol Urbieta zenaren kantu-bilduma sailkatzeko beka bat jarri du martxan. Konpositore zarauztarraren obra osoa ezagutarazi eta jendearen eskura jartzea duela helburu adierazi du Irune Urbieta Kultura zinegotziak. Proposamenak aurkeztu ahal izango dira oinarriak eta deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta ondorengo 30 egunetan. Onuradunak gehienez ere 6.000 euroko laguntza jasoko du sailkatze lana egiteko.

Beka pertsona fisikoek edo pertsona fisikoen elkarteek lortu ahal izango dute; beharrezkoa izango da adinez nagusia izatea; eskaerarekin batera, ondorego agiriak aurkeztu beharko dira: eskaera-orri ofiziala,pertsona edo erakunde eskatzailearen nortasun egiaztagiriaren fotokopia, zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzakoak ordainduta dituela egiaztatzen duten agiriak, eskatzaileak onuradun izateko ezintasun egoerarik ez duela adierazten duen lekukotasuna, eskatzailea kontu korronte baten titularra dela ziurtatzen duen agiria,eskatzailearen curriculum vitaea, eskatutako laguntzaren xede den proiektua azaltzeko txostena eta proiektuaren  gastuen eta sarreren aurrekontu zehatza, eskaerak eta horiekin batera doan dokumentazio.
 

Herritarren Arreta Zerbitzuan (Kale Nagusia 29 - 20800 Zarautz) aurkeztu beharko dira proposamenak, ondorengo ordutegian: astelehenetik ostiralera, 07:30etik 15:00etara, eta ostegunetan, 17:00etatik 19:00etara ere bai.


Balorazio irizpideak


Ebazteko orduan, balorazio-irizpide hauek hartuko ditu kontuan epaimahaiak: aurkeztutako proiektuaren kalitatea; proiektua gauzatzeko erabiliko den metodologia; aurkeztutako proiektuaren interesa eta originaltasuna; musika-ikasketetan edota pedagogian egindako ibilbidea; musikaren irakaskuntzan eta pedagogian izandako esperientzia; eskatzailearen adina (gaztea izateari lehentasuna emango zaio). Ez da nahitaezko baldintza izango Zarautzen erroldatuta egotea, baina puntuaziorako balioko du. Puntuaziorik altuena lortzen duenari emango diote beka.


Udaleko Kultura Departamentuan daude eskuragarri beka hau eskatzeko behar diren inprimakiak. Zalantzak argitzeko edo informazio gehiagorako, Kultura Departamentuarekin jar daiteke harremanetan: Sanz Enea kultur etxean (Nafarroa 22 - 20800 Zarautz), 943-00 51 20  telefono zenbakira deituta, kultura@zarautz.eus posta elektronikora idatzita eta kulturazarautz.eus webgunean.